12 FéV. 2025 BASATIAK Abentura ekologista hunkigarria Gaizka IZAGIRRE HERNANI Artisautza lanaren bidez, Claude Barras zinemagileak planetaren suntsiketari buruzko hausnarketa sinplea, baina ederra plazaratu du. Bere aurreko filmean, “Ma Vie De Courgette” (gaztelaniaz, “La vida de Calabacín”) zoragarrian, ama galdu zuen haur baten istorioaren bidez adin goiztiarrean izandako galeraz hitz egin zuen. “Basatiak” (“Sauvages”) honetan gai hori azalduko da berriro, baina orain abiapuntua beste bat izango da: naturarekiko tratu txarrak salatzen ditu. Hau ere stop motion teknika erabiliz sortu du. Borneon, oihan tropikalean kokatutako herrixka batean, bizi da Keria, eta orangutan kume bat aurkituko du aitak lan egiten duen olio-palmondoen landaketan. Natura biziki maite du eta basoa suntsitzearen aurka borrokatuko du, Selai izeneko bere lehengusuarekin batera. Abentura honi esker, bere jatorriarekin konektatzeko aukera ere izango dute. Oraingoan alegia ekologiko bat aurkeztu du Barrasek, tolerantziaren balioak eta kultura aniztasunaren onarpena sustatzea helburu duena. Gidoi erraz bati esker, ingurumenari buruzko mezu garrantzitsua modu eskuragarrian helarazten die etxeko txikiei. Elkarrizketak, aldarrikapenak eta diskurtsoa, oro har, modu oso zuzenean jaurtita daude, ez dira batere sotilak, baina haurrek ulertzeko modukoak dira, txikienei oso ongi iritsiko zaizkie mezu horiek guztiak. Istorio nagusiaren garapenean sakontasun apur bat falta zaio eta “Ma Vie De Courgette” filmak zuen gaitasuna emozionala ez da apenas ageri, baina hala ere familian ikusteko moduko abentura ekologista hunkigarria eta polita sortu du Barrasek.