13 FéV. 2025 Garraiolari bat hil da Pasaiako Portuan, istripu ez-traumatiko batean GARA DONOSTIA Garraiolari bat hil zen joan den astean Pasaiako Portuan zama lanetan ari zela, istripu ez traumatikoan, LABek atzo jakinarazi zuenez. Hildakoak 48 urte zituen eta Andoaingoa zen. Aurten zendu den lehen garraiolaria da. Sindikatuak nabarmendu zuenez, garraiolari baten heriotza ez- traumatikoa «ez da harritzeko gauza, beste sektoreetan baino ohikoagoa da heriotza mota hau, sektorean ematen diren bizi baldintzak tarteko». Hala, sektore horretako «baldintza gero eta gogorragoak lan arrisku bilakatu dira eta horren eragina datuetan islatzen da». 2024an 14 garraiolari hil ziren lan istripuz, eta 2023an 10, LABen arabera. Garraioaren sektoreko lan baldintza «oso prekarioak» zerrendatu zituen: «Lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, bizitza eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak eta abar». «Garraio sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak guztiz ekidin daitezke, eta horretarako borondate politikoa baino ez da behar, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak hartzeko -nabarmendu zuen-. Prekaritatearekin eta patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu».