14 FéV. 2025 «Gazte ikuspegitik eta belaunaldi bezala erantzun behar dugu» Apirilaren 17tik 20ra Berriozarren izango da Ernairen Gazteon Eskutik ekimena. Jauzi bat emateko mugarria izango dela esan zuten egitarauaren aurkezpenean. Ekimenaren berri emateko NAIZ Irratian izan zen atzo Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea. Amaiur Egurrola, Ernaiko bozeramailea, NAIZ Irratiko estudio nagusian. (GARA) Peli LEKUONA - Zaloa BADIOLA Lezo, Elorrio, Baztan, Lemoa… Aurten Berriozarren jarri dute hitzordua gazte independentistek, udaberriko opor garaiko ekimenari leial. Apirilaren 17tik 20ra ospatuko da udaberriko ekimena, Gazteon Eskutik Independentziara. Amaiur Egurrola Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak laburbildu zuen horren izana: «Gazte independentistak elkartzeko topagunea da. Gazteon egoeraz hitz egiteko edo egungo testuinguruaz egiten dugun irakurketa egiteko, irudimena pizteko eta, jauzi bat emateko garaia den honetan, indarrak hartzeko momentua». «Udaberriko ekimena, izaera politikoaz gain, komunitatea eta sarea sortzeko momentua da», esan zuen Egurrolak. Aurreko urteetan bizitakoak gogora ekarri zituen: Lezoko lokatza eta bertan loratutakoa, Baztanen egindako kilometro guztiak… «Badu gazteok elkartzeko eta pertenentzia sentimendua sortzeko gaitasuna. Horregatik ere bada berezia». Joan den ostegunean Iruñean egindako aurkezpenean nabarmendu zuten Ernaiko kideek «erronka globalei aurre egiteko une honetan, posizio eraldatzaileetara bultza egiteko bide bakarra independentzia» dela. Ildo horretan, antolakundeko bozeramaileak azaldu zuen «mundu mailan bizi den egoera ezegonkorrak gazteria jauzi bat» ematera daramala eta «herri moduan izan dugun borroka historikoaren oinordekotza hartzeko prest» daudela, ez dutela geldirik begira egoteko asmorik eta independentzia dela ezinegon horri bide emateko modu bakarra. Erronka horiei «gazte perspektibatik» erantzuteko beharraz aritu zen Amaiur Egurrola. Badaudela zenbait gai «bereziki» gazteei eragiten dietenak eta etorkizunean eragina izango dutenak. «Gu izango gara eragina jasango dugunak eta behar dugu erantzunak bilatu. Gazteok belaunaldi moduan erantzun behar diegu erronka horiei». EREDU BERRIAK “Jaia bai, borroka ere bai” esan izan da urte askoan. Aurten ere jaia eta aldarrikapena uztartzeko esentzia nabarmendu du Ernaik. Egoera politikoa aztertzeko eta hausnartzeko balioko duen hitzaldi sorta oparoa antolatu dute arlo ezberdinetako adituekin. Aurtengoek, baina, badute berritasunik. Gazte antolakundeak zenbait hitzaldi ohiko formatuan mantenduko ditu, «erabilgarriak eta beharrezkoak direlako ikasteko eta informazioa transmititzeko». Hala ere, eztabaidak piztu eta hausnartzeko bestelako mekanismo batzuk ere sortu nahi izan dituzte; hala, dokumentalak eta elkarrizketak bezalako formatuak ere baliatuko dituzte. Biznaga, Olatz Salvador, Naxker, La blackie, Sukena, Euskoprincess, Nogen, Brava, Skabidean, Marte Lasarte, Burutik, Sustrai Berriak, Toc, Herdoil, XSakara eta Zilibito Records taldeen kontzertuez gain, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Idurre Eskisabel, Iñigo Ranero, Jule Goikoetxea, Maider Galardi, Lander Garcia eta Ibai Zabala izango dira hizlari, besteak beste. Apirilaren 17tik 20ra bitartean Berriozarren aurki daitekeenaz jakiteko herri eta auzoko hormak begiratu besterik ez da egin behar. Formatu digitalean, sare sozialetan ere argitaratu dute kartel osoa, baita Ernai.eus webgunean ere. Sarrerak erosteko aukera, ohiko plataforma zein saltokietan. NAIZeko harpidedunek laster izango dute sarrerak merkeago erosteko aukeraren berri. SAREAAmaiur Egurrolaren hitzetan, antolakundearen ekimena izateaz gain, «komunitatea eta sarea sortzeko momentua» ere bada apirileko hitzordua.