15 FéV. 2025 Arina (I) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Liburu bat gomendatzeko eskatu zidan; hori bai, nire hautuak zeintzuk izan ohi diren gogoan hartuta, “arina” izan behar zuela azaldu zuen, “arina” hitzean enfasia jarrita. Alegia, ez zuela burua berotuko zion gairik nahi: ez gatazkarik, ezta kontu korapilotsurik ere. Eguilleorren bineta batekin gogoratu nintzen, zeinean hainbeste asaldatzen duen munduarekin nazkatuta dagoen pertsonaia batek maleta batean babes hartzea erabakitzen duen. Maleta barruan ordu batzuk igaro ostean arazoa bera dela pentsatzen hasten da, bere jarrera kritikoa tarteko. Binetako pertsonaiaren sumindura ulertzen nuen, baita nik neuk sentitu ere, baina neure burua maleta batean sartzeko nahia nirea baino gehiago gomendio bila etorritako lagunarena zen. Anekdota txiki bat izan arren, fenomeno zabalago baten sintoma da behin baino gehiagotan entzun dudan eskaria. Bizi ditugun garaiotan, “ni”-aren gurtza nagusi den honetan, norbere buruaren zaintza eta hedonismoa nahastu egiten dira, eta pentsamendu kritikoa garatzea zein bidegabekerien kontrako konpromiso politikoa agertzea zoriontasuna lortzeko oztopo dira eta, beraz, kaltegarritzat jotzen dira. Testuinguru honetan, jarrera kritikoa duen oro jai-izorratzaile bat da: besteen zorion perfektua zapuzten duen norbait.