GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruña-Veleia aztarnategiari buruzko zortzi saioko ikastaroa Gasteizen

Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoari buruzko diziplinarteko ikastaroa antolatu dute BIBAT Arabako Arkeologia Museoak eta UNEDek elkarlanean Gasteizen. Alderdi historikoak, arkeologikoak, geologikoak eta kontserbaziokoak bilduko ditu zortzi saioko ikastaroak.

Iruña-Veleiako zirku zaharra deitutakoaren gunea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

BIBAT Arabako Arkeologia Museoak eta UNED urrutiko unibertsitatearen Gasteizko zentro elkartuak Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoari buruzko diziplinarteko ikastaroa antolatu dute. Zortzi prestakuntza saio izango dira, astearteetan egingo dituzte, otsailaren 18tik apirilaren 8ra. BIBATen bertan edo sarean egin daitezke, zuzenean edo geroratuta.

Arabako Foru Aldundiko iturriek adierazi dutenez, historia, arkeologia eta teknologia uztartuko dituen programa prestatu dute, eta diziplinarteko hurbilketa bat eskainiko dute, alderdi historikoak, arkeologikoak, geologikoak eta kontserbaziokoak barne hartzen dituena.

Iter 34 errepidea Veleiatik igarotzea, harresiaren ikerketan egindako azken aurrerapenak, macellumaren indusketak, arkeologiako teledetekzioa, objektu arkeologikoak zaharberritzea eta hondakin arkitektonikoak finkatzea dira landuko dituzten gaietako batzuk. Amaitzeko, bisita gidatua egingo da Iruña-Veleiara apirilaren 8an.

PROFESIONALEN ESKUTIK

Ikastaroan ospe handiko profesionalek parte hartuko dute, hala nola Rafael Varon Hernandez, Blanca Renedo Villaroya, Paloma Lopez Sebastian, Jose Manuel Martinez Torrecilla, Luis Miguel Martinez-Torres, Javier Ordoño, Oscar Reinares Fernandez eta Bibat Arabako Arkeologia Museoko teknikariek.

Artearen Historian doktore eta Gasteizko UNEDeko irakasle-tutore Gorka Lopez de Munain Iturrospek zuzenduko du ikastaroa, eta 20 irakastordu eta ECTS kreditu bat eskainiko ditu (izapidetzen). Aurrez aurre zein sarean (zuzenekoa edo geroratua) egiteko irekita dago, eta doako izen ematea irekita dago.

«Zirku zaharra» bezala identifikatu zuten gunera bisita gidatuak egin izan dira aurrez Arabako Foru Aldundiaren eskutik; oraingo honetan, ordea, gaian sakontzea dute helburu BIBAT Arabako Arkeologia Museoak eta UNED urrutiko unibertsitateak. Azken aurrerapenak ere landuko dituzte ikastaroa.