GARA Euskal Herriko egunkaria
LASTERKETA HERRIKOIA

6.200 emakume berdintasunaren alde korrika, Lilatoiaren 35. edizioan

Atletico San Sebastian Elkarteak antolatutako bost kilometroko lasterketaren xedea «emakumeak kirolaren bidez ahalduntzea da, osasuna, inklusioa eta talde lana sustatuz». Atzoko aurkezpenean azaldu zituzten lasterketaren xehetasunak.

Lilatoiaren 35. ekitaldiaren aurkezpen argazkia, atzo, Donostian. (@DONOSTIAKO UDALA)

Igande honetan Lilatoiaren 35. edizioa ospatuko da; hau da, emakumeek kirol jardueretan parte hartzea bultzatzen duen lasterketarik entzutetsuena. Igandeko lasterketari begira, orotara, 6.200 emakumek izena eman dute, antolatzaileek diotenez, «emakumeak kirolaren bidez ahalduntzea, osasuna, inklusioa eta talde lana sustatzea» helburu duen herri lasterketa honetan.

Lasterketaren xehetasunak atzo azaldu zituzten Donostiako udaletxean egindako prentsaurrekoan. Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek parte hartu zuten, baita antolakuntzako kideek eta babesleek ere.

Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziaren aburuz, Lilatoia «lasterketa herrikoia baino askoz gehiago da: kirolaren, berdintasunaren eta edozein erronka konkistatzeko gaitasunaren bidez emakumeen ahalduntzea ospatzea da».

Halaber, gaineratu zuenez, «adin guztietako parte hartzaileak ikusteak gogorarazten digu Lilatoiaren izpirituak belaunaldiak gainditzen dituela, berdintasunaren aldeko borrokak inoiz baino biziago jarraitzen duela, lortu ezin dugun helbururik ez dagoela erakutsiz».

Bestalde, Kiroletako foru diputatu Goizane Alvarezek gogorarazi zuen bere sailak «konpromisoa» hartu duela «berdintasuna sustatzeko eta oztopoak kentzeko».

«Emakume eta neska gero eta gehiago anima daitezen kirola baldintza berberetan egitera, kirola egiteko aukera berdinekin eta aintzatespen berarekin. Kirola funtsezko tresna baita gizarte justuagoa, osasungarriagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko, eta honelako ekitaldiek bide horretan aurrera jarraitzearen garrantzia gogorarazten digute», nabarmendu zuen Alvarezek.

Beste alde batetik, Alicia Vicandi Atletico San Sebastian Kirol Klubeko komunikazio arduradunak jasotako babesa eskertu zuen, «Lilatoiaren 35. edizioak bere hazkundea eta kirolarekiko eta berdintasunarekiko konpromisoa egiaztatzen du, 6.200 lagunek izena eman baitute».

«Erakundeen, babesleen eta boluntarioen lankidetzari esker, ondo zaindutako antolakuntza batekin batera, hiri honetan dagoeneko sendotuta dagoen tradizio bat jarraitzea bilatzen dugu», adierazi zuen Vicandik.

Horrez gainera, aurreko edizioetan egin den bezalaxe, aurten ere «euro solidarioa» egongo dela gogorarazi zuen. «Dortsalaren preziotik euro bat bideratuko zaio Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteari, Gipuzkoan minbizia pairatzen ari diren pazienteei eta familiei laguntzen funtsezko lana egiten duen elkarteari», azaldu zuen.

LASTERKETAREN XEHETASUNAK

Atletico San Sebastian Kirol Klubak antolatuta, bost kilometroko luzera izango du Lilatoiaren 35. ekitaldi honek. Lasterketa bera igande goizeko 10.25ean abiatuko da, Handbike modalitateko parte hartzaileak martxan jarritakoan.

Segidan, 10.30ean, irteera orokorra izango da lasterkarientzat.

Nolanahi ere, giroa berotzen hasteko, korrikalariak lanean hasi daitezen baino lehen, goizeko 10.00etatik 10.15era bitartean aldez aurreko beroketa orokorra prestatuko dute parte hartzaileentzat. Horretarako, beroketa burutze aldera, zumba saio bat antolatuko dute Boulevarden.

Alderdi logistikoari dagokionez, eta antolakuntzak adierazi zuenari kasu eginda, Gipuzkoa Plazan poltsak uzteko kontsigna zerbitzua prest egongo da korrikalarientzat 9.00etatik 12.00etara bitartean.

Proba amaitutakoan, Lilatoiko parte hartzaileek Kontxako hondartzan dauden kabinetako dutxak erabiltzeko modua izango dute.

Sari banaketa, bestalde, Alderdi Ederren burutuko da 11.30etik aurrera.

Ekitaldi horretan kategoria bakoitzeko -juniorrak, helduak eta beteranoak- lehenengo hiru sailkatuek garaikurrak jasoko dituzte.

Dena den, aurreneko sailkatuei ez ezik, sari berezi bana emango zaie ere hiru talde ugarienei.

Sari banaketa amaitu ondoren, berriz, «Lilapote»-az (pintxoa eta edaria) gozatzeko abagunea izango dute Lilatoiko korrikalari guztiek Donostiako Alde Zaharreko hainbat tabernatan.

Azkenik, aurkezpenean aditzera eman zutenez, Lilatoian parte hartzeko izena eman duten emakume guztiek Emakumearen Etxetik pasatuta (Okendo kalea 9), bihar, ostiralez, eta baita larunbatean ere jaso ahal izango dituzte lasterketarako beren dortsalak. Halaber, Donostiako Apalategi Kirolak dendan ere jaso ahal izango dituzte.