GARA Euskal Herriko egunkaria

Trikimailu narratiboak


Berriki estreinatu den “Paradise” telesailaren harira hainbat iruzkin agertu dira sareetan: bertan gertatzen den plot twist harrigarri batek eragin ditu aipamen horiek.

Plot twist bat istorio batean gertatzen den ustekabeko biraketa bat da; alegia, argumentuaren norabidean eraldaketa erradikal, harrigarri edo ustekabekoa sortzen duen biraketa bat. Batzuetan amaierako zatian pilatzen dira halakoak, baina narrazioan zehar ere tartekatu ohi dira. Modu askotara erabiltzen dira, beste teknika narratibo batzuekin nahasian sarri askotan, flashbackarekin edo anagnorisiarekin, esate baterako; protagonistak sekretu handi bat ezkutatzen duenean, hilda zegoela uste genuen pertsonaia bat bizirik azaltzen denean, guztia amets bat izan dela ohartzen garenean eta halakoetan.

Zinemaren historian adibide ugari daude; ezagunenak akaso “Psycho” (1960), “The Usual Suspects” (1995), “Seven” (1995), “The Sixth Sense” (1999) eta “The Shawshank Redemption” (1994) izan litezke.

Baliabide hori narrazioaren barruan sartzea, neurri batean behintzat, erraza izan liteke, baina egokia eta zentzuzkoa izateko aurreko gertakariekin koherentea izan behar du, eta, aldi berean, ikuslea harritu eta istorioaren esanahia aldatu beharko luke. Trikimailu narratibo honen erabilera okerrak ikuslearen esperientzia hondatu eta tramari balioa ken diezaioke.