23 FéV. 2025 Berriz epaitzeko atarian, Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi diote GARA IRUN Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak ekimenak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka lagunek Irungo Udaletxearen aurrean, bere herrikide Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazteko asmoz. Izan ere, hurrengo asteotan bi epaiketa gehiago izango ditu Sorzabalek Espainiako Auzitegi Nazionalean, bere aurkako euroaginduen ondorioz. Abiatzear den astean aurreikusten da lehena, ostegunean eta ostiralean, hain zuzen ere; eta martxoan bigarrena, 17an eta 18an, zehazki. Beste behin ere, torturaren bidez urratutako inputazioetan sustatzen direla akusazioak salatu zuten atzoko elkarretaratzean. Duela hiru aste eskas, Auzitegi Nazionalak Sorzabalen helegitea errefusatu duela ezagutu da; argudiatu dute torturak ez direla «guztiz egiaztatuta».