25 FéV. 2025 ATHLETIC ICHHk animazioa dinamizatzeko «berme objektiboak» nahi ditu Athleticen eta Herri Harmailaren arteko sintonia falta azaldu du Iñigo Delgado ICHHko kideak: «Gure grina Athletic partida guztietan animatzea da, zaleek eraiki duten harmaila bizia izatea, baina jazarriak izango ez garela bermeak behar ditugu». Iñigo Cabacas Herri Harmailaren kalejira. (Aritz LOIOLA | FOKU) Zaloa BADIOLA - Arnaitz GORRITI Iñigo Cabacas Herri Harmailako -ICHH- kide Iñigo Delgado elkarrizketatu du NAIZ Irratiak, eta bertan agerian geratu da ICHHren eta Athleticeko egungo zuzendaritzaren arteko sintonia falta, batik bat abenduaren 4ko partida osteko gertakariek handitu eta gaiztoturiko sintonia falta, Ertzaintza San Mamesera sartu eta zaleen aurka oldartu ondoren. «Herri Harmaila berria sortu zenetik errepresio egoerak areagotzen joan dira, eta une honetan ez daukagu berme objektiborik errepresiorik jasan gabe animazioa dinamizatzeko», azaldu du Delgadok ICHHren egungo egoera. Duela gutxi «futbola eta politika ez direla nahasi behar» nabarmenduz azaldu zen jendaurrean Jon Uriarte Athleticeko presidentea. Alabaina, Iñigo Delgadoren aburuz, banandu ezinezkoak dira. «Bat dira eta bat izan dira beti. Munduko Futbol Txapelketa Qatarrera eraman zen edo Superkopa Saudi Arabiara, edota egunotan mundu mailan abian den mugimendua ‘Israeli txartel gorria ateratzeko’ eskatzen duena. Hori guztia politika da eta izan da beti». Era berean ICHHren izaera aldarazteko interesa ere giro horretan planteatu du, harmaila «kontrolatu» eta «otzanago» bat sortze aldera. «Gure aurka egitea ez da Zuzendaritza Batzordearen interes behinena, baina badaude, Ertzaintza adibidez, beste talde batzuek Herri Harmailaren kontra egiteko interesa badutenak, eta ikusi dute Zuzendaritza Batzorde honek bere linea editoriala daramala eta ez duela horren aurka ezer egiten. Horrela. koktel perfektua osatu da. Zertarako, Herri Harmaila kontrolpean izateko, horrela erosoagoa delako, arazo gutxiago ematen dituelako eta, beraz, gauzak txarto badoaz ez dutelako kritikarik egingo», adierazi du. ERREPRESIO OROKORRA Errepresioa zabalagoa da, ordea. «Gure kolektiboak jasaten duen moduan, beste kolektibo batzuek ere jasaten dute, edota inongo kolektibotan ez dauden pertsonek ere. Errepresioa pertsonarik esanguratsuenen kontra doa, eta ondo dakite gure kasuan ‘speakerrei‘ eta bonboak jotzen dituzten horiei isunak ezarri eta kanporatzea dela minik handiena ematen diguna. Baina errepresio orokor batean bizi gara», salatu du Delgadok. «Herri Harmailen inguruko oinarrizko printzipioen zerrenda» ere kaleratu berri du Athleticek, eta, hala, ICHHren ezadostasuna are eta nabariago geratu baino ez da egin. «Horrek helarazten duena da Madrilen dagoen ‘Fan grada’ baten antzeko zeozer nahi dutela, eta ez dutela nahi harmaila herrikoi eta bizi bat, zeina ez dagoen ez Zuzendaritza Batzordearen ez Poliziaren kontrolpean, baizik eta hor dauden Athleticzaleek eraikitzen duten harmaila», azpimarratu du. Amaitzeko, mezu hau helarazi die zaleei. «Gure grina Athletic partida guztietan animatzea da, baina horretarako baldintza batzuek behar dira: errespetua, bermeak jazarriak ez garela izango, eta gauzak hitz eginez konpontzea, eta ez Zuzendaritza Batzordearen moduan. Banatu nahi gaituzten formak darabiltza, eta gure indarra batasunean dago», ohartarazi du. Sozialki, nahasmena; kirol arloan, «Championseko» zifretan Iñigo Cabacas Herri Harmailak (ICHH) eta Athleticek duten aferak sozialki nahasmena eta eztabaida sortu ditu inguruan azken hilabeteetan, tartean jokalariak ere iritzia ematera sartu direla. Baina zeinek esango luke! Egoera honek kirol arloan ez du inolako eragozpenik izan eta adibide garbiena igandean lorturiko 7-1ekoa da. Pentsa, Athleticek Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu zuen denboraldian (2013-14) baino zenbaki hobeak ditu. Une honetan orduan baino puntu bat gehiago du (48) eta baita sartutako gol kopuru handiagoa: 44 orain eta 43 duela 11 urte. Sartu dizkioten gol kopurua ere aipatu behar da: 22 orain eta 30 2013-14 denboraldian. Honek guztiak Ligako laugarren postuan finkatzea ekarri du, 48 punturekin. Ez hori bakarrik, atzetik datorren Vila-real lau puntura dago; eta aurrean dauden ‘hiru handiak’, Barça (54), Real Madril (54) eta Atletico (53) eskueran ditu. Larunbatean, gainera, Metropolitanora abiatuko dira zuri-gorriak Simeoneren taldearen aurka lehiatzeko eta, zergatik ez, punturen bat bertan eskuratzeko. 2013-14an baino milaka kilometro eta bost partida ofizial gehiago dituzte hanketan Athleticeko jokalariek, baina, Kopan kanporatuta egonda, Ligan eta Europan Leaguen -Romaren aurkako kanporaketa, martxoaren 6an eta 13an- zentratzeko aukera dute. Valverdek jokalariak entxufatuta ditu, eta denak dira partaide. Nico Williamsek oso argi esan zuen Valladolidi jipoia eman ondoren: «Taldea baieztatzen ari da oso onak garela eta sinisten dugula». Orain jarraipena eman nahi diote. GARA ERABAKIRIK EZJazarpen egoera honen aurrean zer egingo duten oraindik ez du «erabaki sendorik hartu» ICHHk. «Hurrengo asteetan erabakiko dugu», esan du Iñigo Delgadok.