28 FéV. 2025 TXIRRINDULARITZA Itzulian, 24 talde eta 168 txirrindulari Iazko Itzuliko etapa bateko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA Apirilaren 7tik 12ra egingo da Euskal Herriko Itzuliaren 64. edizioa eta 24 taldek eta 168 txirrindularik hartuko dute parte, antolatzaileek atzo bertan jakitera eman zutenez. Talde horietatik 18 UCI World Teams sailkapenekoak dira; honakoak, hain zuzen: Alpecin-Deceuninck, Arkea-B&B Hotels, Bahrain Victorious, Cofidis, Decathlon AG2R La Mondiale, EF Education-Easypost, Groupama-FDJ, Ineos Grenadiers, Intermarche-Wanty, Lidl-Trek, Movistar, Red Bull-Bora-Hansgrohe, Soudal Quick-Step, Jayco Alula, Picnic PostNL, Visma-Lease a Bike, UAE Emirates-XRG eta Astana. Horiekin batera, antolakuntzak beste sei talde gonbidatu ditu: Burgos-Burpellet-BH, Caja Rura-Seguros RGA, Kern Pharma, Euskaltel-Euskadi, TotalEnergies eta Tudor. Antolakuntzak oraindik ez du jakinarazi zein txirrindulari izango diren lehian talde horietan. SEI ETAPA, GASTEIZ ETA EIBAR LOTZEKO Gasteizen abiatuko da Euskal Herriko Itzulia apirilaren 7an erlojuaren kontrako etapa batekin. Lehen etapa honen ibilbidea murriztu egin dute «arrazoi logistikoengatik». Azkenean, 16,5 kilometro izango ditu. Bigarren etapak Iruñea eta Lodosa lotuko ditu. Hirugarrena Zarautz eta Beasain artean izango da. Laugarrenak Beasain eta Markina-Xemein elkartuko ditu. Bosgarrena Urduña eta Gernika-Lumo artean izango da. Ohi bezala, seigarren eta azken etapa Eibar-Eibar izango da, 150 kilometroko ibilbidearekin eta zazpi mendaterekin (horietatik hiru, lehen mailakoak). Seguru asko, azken etapa horretan erabakiko da lasterketako txapelduna. O GRAN CAMIÑO Aurtengo Euskal Herriko Itzulia iritsi bitartean, beste zenbait proba jokatzen dira egun hauetan, eta horietako bat da O Gran Camiño, martxan dagoena. Galiziako errepideetan egiten den lasterketa honetan Magnus Cort Nielsenek garaipena errepikatu zuen atzo -asteazkenean ere irabazi zuen, lehenengo etapan-, esprintean, eta lider sendoa izaten jarraitzen du. Sailkapen nagusian hirugarren tokian ipini da Ander Okamika (Burgos), atzoko ihesaldian parte hartu ostean. Helmugarako 100 kilometro falta zirela atera zen tropeletik Alvaro Sagradorekin batera. Hiru minutuko aldea izan zuten, baina tropelak harrapatu egin zituen eta esprintean Cort Nielsen izan zen azkarrena gaurko erlojupekoan lehiatu aurretik.