GARA Euskal Herriko egunkaria

Iaz 17.000 enplegu sortu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %2,2 hazi zen 2024an eta 17.000 lanpostu baino gehiago sortu ziren, Eustat estatistika erakundeak eman dituen datuen arabera.

Lanbideren bulegoa, Santutxun. (Oskar MATXIN | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordina (BPG) %2,2 hazi zen 2024an, eta 17.000 lanpostu baino gehiago sortu ziren; hau da, 2023an baino %1,8 gehiago. Lurraldeka, BPGaren urteko hazkundea %2koa izan zen Araban, %2,2koa Bizkaian eta %2,1ekoa Gipuzkoan, Eustat EAEko estatistika erakundeak emandako datuen arabera.

Zehatzago begiratuta, EAEko BPGa %2,1 hazi zen 2024ko azken hiruhilekoan 2023ko hiruhileko beraren aldean, eta hirugarren hiruhilekoaren aldean, berriz, hazkundea %0,6koa izan zen.

BPGak lurraldeetan izan zuen bilakaerari dagokionez, Arabak urte arteko %2,1eko tasa izan zuen laugarren hiruhilekoan, Bizkaiak %2,3koa eta Gipuzkoak %1,9koa. Hirugarren hiruhilekoaren aldean, BPGaren hazkundea %0,4koa izan zen Araban eta Gipuzkoan, eta %0,7koa, Bizkaian.

ENPLEGUA %1,8 HAZI ZEN

Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, %1,6ko aldaketa positiboa izan zen 2024ko azken hiruhilekoan 2023koarekin alderatuta, eta tasa hori %0,4 hazi zen hirugarren hiruhilekoaren aldean. Hala, 2024an zehar lanpostu kopuruak %1,8 egin zuen gora; hau da, 2023an baino 17.136 lanpostu garbi gehiago sortu ziren.

Enpleguaren urte arteko bilakaera positiboa izan zen adar guztietan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean: %0,2 lehen sektorean, %0,7 industrian, %0,6 eraikuntzan eta %1,9 zerbitzuetan.

Eskaintzaren ikuspegitik, sektore guztiek izan zuten urte arteko hazkunde positiboa 2024an, hala laugarren hiruhilekoan nola urte osoan. Horrela, lehen sektoreak balio erantsiaren %2,2ko hazkundea izan zuen balio errealetan aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, hirugarren hiruhilekoaren aldean %0,4 igo ondoren. Urte osoko hazkunde tasa %3,1ekoa izan zen.

Industriaren balio erantsiak %0,5eko urte arteko aldaketa erakutsi du aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, hirugarren hiruhilekoaren aldean %0,3 hazi ostean. Urte osoan balio erantsia %1 igo zen.

Eraikuntza sektorean, 2024ko azken hiruhilekoan balio erantsia %2,2 igo zen 2023ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, eta %1,6 aurreko hirugarren hiruhilekoaren aldean. 2024an, eraikuntza sektorearen hazkundea %1,6koa izan zen.

Zerbitzuen sektoreari dagokionez, %2,7 hazi zen urte artean eta %0,6 hiruhileko artean. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren arloak %2,6ko hazkundea izan zuen iaz, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.

Administrazio publiko, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuen atalean, laugarren hiruhilekoan urte arteko hazkunde tasa %2,4 izanik, balio erantsiaren igoera %0,2koa izan zen aurreko hiruhilekoaren aldean, eta iazko batez besteko hazkundea %2,9koa da.

KONTSUMOA ERE GORA

Bestalde, eskariari begiratuta, etxeetako azken kontsumoko gastua edo kontsumo pribatua 2023ko hiruhileko berean baino %2,5 handiagoa izan zen 2024ko azken hiruhilekoan, 2023. urtekoaren aldean %0,9 igo ondoren. Gainera, kontsumo pribatua %2,4 handiagoa izan zen 2024an 2023an baino.

Kontsumo publikoak urteko azken hiruhilekoan %2,3ko hazkundea izan zuen urte arteko terminoetan. Ekipo ondasunetan egindako inbertsioaren bilakaera positiboa izan da. Urte osoan, berriz, igoera %2,3koa izan da.