GARA Euskal Herriko egunkaria
BINAKAKO TXAPELKETA

Laso eta Iztuetak gori-gorian jarri dute finalerdietako ligaxka

Laso eta Iztueta 22-16 gailendu zitzaien atzo Peña II.a eta Albisuri, finalerdietako bigarren partidan. Modu honetan, matematikak gori-gorian jarri dira, lau bikoteek baitaukate finalerako sailkatzeko aukera, batzuk beste batzuk baino errazago.

Unai Laso, bi aurkariak begira dituela, pilotakada bat ematear. (Gorka RUBIO | FOKU)

Binakako txapelketaren gogortasuna azken jardunaldiraino iritsiko da. Multzoen fase nagusia oso parekatua izan zen, oro har -azken jardunaldian erabaki ziren play-offak-, eta finalerdiek ere tankera berdina hartu dute. Atzo, Laso eta Iztuetak lehen puntua batu zuten, Peña eta Albisuri 22-16 irabazi ostean. Lehen partidako galtzaileek neurtu zituzten indarrak Astelena pilotalekuan, tentsio handiko dema eskainita. Bi zati izan zituen partidak eta bukaeran finalerdietara zuzenean jauzi egin zuten Laso eta Iztueta izan ziren garaileak. Garaipen honekin, lau bikoteek dauzkate beren aukerak finalerako sailkatzeko -batzuek beste batzuek baino gehiago-. Noski, ondoen kokatuak larunbatean bigarren dema irabazi zuten Ezkurdia eta Rezusta dira baina, hala ere, atzoko irabazleen aurka ziurtatu beharko dute txartela.

Artola-Mariezkurrena ere puntu bakarrarekin daude eta poltsikoa hutsik, Peña-Albisu. Hauek elkarren aurka jokatuko dute eta baliteke hiruko berdinketa egotea, izan bi puntura edo bakarrera. Modu horretan, kalkulagailua atera beharko da, tantoen aldea erabakigarria izango baita.

Izan daitezkeen emaitzak askotarikoak dira eta, aukerak guztientzat dauden arrean, ulertzekoa da Peña eta Albisuren goibeltasuna Eibarko partida galdutakoan egin zituzten adierazpenetan. Play-offean beraien bertsiorik onena atera eta finalerdietan lekua egitea lortu ostean, penatuta agertu ziren egindako akatsekin. «Gu baino gehiago izan dira, gu baino akats gutxiago egin dutelako», esan zuen Jon Ander Peñak.

Oldarkor hasi zuen partida tolosarrak eta Lasorekin izan zuen gantxoen dantzan, irabazten atera zen Peña, Albisuk ere sendo eutsi zion bitartean. Iztueta zalantzekin aritu zen, partidaren tentsioaren eraginez, eta hau atzean sartu eta aurrean ongi errematatuta, urdinek alde polita lortu zuten (7-10 eta 9-12).

GORRIEN PARTZIALAK

Aldageletatik bueltan, gidoia erabat irauli zen. Iztueta indartsuago bat ikusi zen, Albisu atzean mantentzen, behartzen... Ataungoak defentsa ona erakutsi zuen lehendabiziko zatian, baina bigarrenean akatsak pilatu zituen -orotara, 7 galdutako-. Partidaren nolakotasuna ongi deskribatzen dute Laso eta Iztuetak, biek, egindako bosna tantoek. Zartako ederrak eman zituen atzelari tolosarrak eta amore eman zuen Albisuk. Partida iraultzeko 7-1eko partziala lortu zuten lehendabizi gorriek eta bigarren zatiko markagailua 13-4 izan zen beraien alde. «Orokorrean nahiko partida txarra izan da, denok akats asko, baina gaitz erdi irabazi dugula», adierazi zuen Martxel Iztuetak, kantxan bezain argigarri.