12 MAR. 2025 DEIALDI BERRIA Beste bost greba egunera deitu dute EAEko hezkuntza publikoan Hezkuntza publikoko irakasleek eta sukalde eta garbiketako kolektiboek urtarril eta otsailean egindako lanuzteek segida izango dute beste bost greba egunekin, martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1 eta 2an. Hezkuntza Sailaren proposamen berria oraindik eskasa dela diote sindikatuek. Blanca Guerrero sailburuordea «harrituta» agertu da greba deialdiekin. LAB, Steilas, ELA eta CCOOko ordezkariak, atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan. (Monika DEL VALLE | FOKU) Asier ROBLES BILBO LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek adierazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek eta sukalde eta garbiketako kolektiboek greba dinamikarekin aurrera egingo dutela. Beste bost greba egunera deitu dute martxoaren 25, 26 eta 27rako eta apirilaren 1 eta 2rako. Atzo LAB sindikatuaren Bilboko egoitzan egindako agerraldian sindikatu horietako ordezkariek azaldu zutenez, urtarril eta otsailean eginiko greba egunek «behartu» egin dute Hezkuntza Departamentua lan hitzarmenerako proposamen berriak aurkeztera, baina sindikatuek diote «oraindik urrun» daudela, bai sukalde eta garbiketako kolektiboarenak, bai irakasleenak ere. Sindikatuen ordezkariek gogoratu zuten indarrean dagoen sukalde eta garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa dela, eta irakasleena 2010ekoa. Urtarrileko eta otsaileko mobilizazioetan langileek «argi eta garbi» adierazi zioten Hezkuntza Sailari hitzarmen horiek «orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako edukiak mahai gainean jarriz». «Hezkuntza Sailak hedabideen aurrean negoziatzeko atea irekita duela esan du, hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia duen bitartean, negoziazioa etengabe luzatzen duenean edo gatazka desitxuratzen saiatzen denean», diote sindikatuek. ALDARRIKAPENAK Badira sukalde eta garbitzaile eta irakasleen aldarrikapenetan bat egiten duten puntuak: «Gero eta handiagoak diren lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea; erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; eta jaiotza tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea». Soldata hobekuntzen kasuan, sindikatuak bereziki kritiko agertu ziren Hezkuntza Sailarekin: «Sailak dio ez dagoela dirurik eta ez duela beharrezko eskumenik soldatak igotzeko eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko. Eta orain ikusten dugu dirua badagoela, beste kolektibo batzuetara bideratzen delako», esan zuten, Ertzaintzako agenteentzat hitzartutako soldata igoerari erreferentzia eginez. Era berean, «Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eta azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea» eskatu dituzte sindikatuek. HEZKUNTZA SAILA, «HARRITUTA» Aurrekoan bezala, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila «harrituta» agertu da sektoreko greba iragarpenarekin, «sindikatuekin negoziazioek irekita jarraitzen dutelako». Blanca Guerrero Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak azaldu zuenez, elkarrizketak daude bost mahai sektorialetan, eta horietako hirutan akordioak lortu dituzte. «Ez ditugu ulertzen defendatzen ari diren interesak, baina inola ere ez hezkuntzaren kalitatea, ikasleak eta familiak», adierazi du Guerrerok. Nolanahi ere, Hezkuntza sailburuordeak «negoziatzen jarraitzeko eta akordioa lortzeko» duen «borondate irmoa» berretsi zuen, «gizarteak merezi duen hezkuntza sistema bermatzeko». DIRUA«Hezkuntza Sailak dio ez dagoela dirurik, eta orain ikusten dugu dirua badagoela, beste kolektibo batzuetara bideratzen delako», adierazi dute, Ertzaintzako agenteentzat hitzartutako soldata igoerari erreferentzia eginez.