17 MAR. 2025 Requiem Jon GARMENDIA Idazlea Erran zenidan sare sozialetan hedatu nuen mezua nire txoko honetatik ere zabaltzeko. Horrexegatik ekarriko ditut atzoko hitz horiek hona. ‘‘Requiem por un sueño’’ filmeko eszena batzuekin gogoratuta eraiki nuen diskurtso hori, errealitatetik ihes egiteko modu bezala, alienaziotik, eta indibidualismoari buruzko gogoeta apropos gisa. Film horrek droga-mendekotasunak suntsitutako lau pertsonaren egoera fisiko eta emozionala agertzen du, Clint Mansell-ek sortutako doinu dramatikoen laguntzaz. Tira, aspaldi honetan anitz hitz egiten dugun gaiaz ari ginen biak, legez kanpoko drogen eraginaz gure gizartean, iluntasunaz, inertziaz, belozidadeaz, gaixotasunaz, kontzientziaz; ufa, zenbat kontu. Kokaina marra bat hautu pribatuaren askatasunaz justifikatzen duen jende aurrerakoi anitz dagoelako gurean. Baina odola da sudurretik sartzen dutena, askatasunik ez duen jende pobre askorena, bortxaz hildako errugabeena; Kolonbia edo Mexikokoak, kokainaren iturburu den edozein herrialdetakoak. Sufrimendu gehiegi hauts zuriaren bueltan, eta marra gorri gutxi. Badakidala gai konplexua dela, ertz eta erpin askokoa, baina marra gorriak marrazteko garaia dela. Gazteak (eta ez hain gazteak) noraezean daudelako, zorren menpe, arazo psikologikoez, karrikatik etxeetara problemak baizik ez direlako iristen. Eta ezer pasatuko ez balitz bezala jarraitzen dute agintariek eta eragile politiko eta sozial anitzek. Zer egin, nondik hasi? Galderak pausatu eta erantzunak aurkitzetik.