GARA Euskal Herriko egunkaria

Krispeten usaina


Zoritxarrez, badira zenbait izenburu zinemetatik pasatu gabe zuzenean VoD plataformetan estreinatzen direnak. Egunotan PrimeVideo-ra iritsi den filma bereziki deigarria iruditu zait: “Nickel Boys” (”Los chicos de la Nickel”). Aurtengo Oscar Sarietan bi izendapen jaso dituen film bikain honek -film onena eta egokituriko gidoi onena- ez ditu zinema aretoetako krispetak usaindu ere egin.

60ko hamarkadan girotua, Floridako adingabeen zentro batean sartzen dituzten bi afro-amerikarren istorioa agertzen du. Azaltzen duena ez da ordea filmaren alderdirik deigarriena, kontatzeko modua baizik: lehen pertsonan erakusten da kontakizun ia osoa eta, kamera pertsonaiaren begien pare kokatuz, ikuslea esperientzian guztiz murgiltzen da. Berak ikusten duena ikusten dugu ikusleok eta sentitzen duena sentitu, pozak, nahigabeak eta, jakina, baita zauriak ere. Ez da akaso ikusle mota guztientzako moduko filma, baina itzela da eta oso berezia.

“Nickel Boys”-ena ez da adibide bakarra. Orain dela aste batzuk, Justin Kurzel-en “The Order” filmarekin berdina gertatu zen. 1983tik 1984ra bitartean AEBko ipar-mendebaldean izua eta gorrotoa eragin zuen erakunde supremazista eta neonaziaren benetako istorioa azaltzen du. Film biziki interesgarria, baina VoD plataformetara joan da.

Jaialdietatik zuzenean telebistara igaro diren beste bi kasu tamalgarri.