GARA Euskal Herriko egunkaria

«Euskarak askoz gehiago eskatzen digulako», manifestazioa Baionan


Apirilaren 11n joan beharko dute Euskal Herrian Euskaraz-eko bi kidek auzitegira, abenduan Baionako auzitegian «Justizia euskararentzat» pintada egin zutela eta. Gorka Torre da horietako bat.

NAIZ Irratian azaldu zuen, atzo, ekimenarekin aldarri orokor bat plazaratu nahi zutela; «euskarari eman diezaiotela zor zaion errespetua eta guk Euskal Herrian euskaraz bizi osoa normaltasun osoz egin ahal izateko».

Epaiketa salatzeko eta aldarri orokorra plazaratzeko hitzordua eman du EHEk iganderako Baionan; Torreren esanetan, «argi da jauzi bat egin behar dugula euskaltzale guztiok euskararen alde».

Euskararen aurkako oldarraldia deitoratu zuen Torrek eta hizkuntzaren aldeko bidea indartu behar dela adierazi zuen; «euskararen alde egin duguna ez da nahikoa, euskararen aldeko jarrera piztu behar dugu, euskarak askoz gehiago eskatzen digu».

Igandean Baionako hitzorduan Euskal Herri osoko herritarrak espero dituzte: «Erakutsi behar dugu euskararen problematika herri oso baten problematika dela».

Mobilizazioa Baionako Justizia Jauregitik abiatuko da, 11.30ean. Hala, «oldarraldi judizial, politiko, mediatiko eta sindikal» honen aurrean «kikildu ordez, harrotasunez, desobedientzia ekintzak indartzeko eta kaleak hartzeko» deia egin du Euskal Herrian Euskaraz elkarte euskaltzaleak eta igandean Baionara gerturatzera animatu ditu euskaltzale guztiak.