03 AVR. 2025 Pabiloien aroa Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Izen aproposa da: pabiloien aroa, bai horixe. Iñigo Astizi irakurri diot izen proposamena, haren ustez, euskal musikagintzan zabaldu berri den aldiarentzat. Astizentzat, paradigma aldaketa bat gertatzen ari da, eta nahiko ezaugarri propio baditu aro kategoria aitortzeko. Ez zaizkio argudioak falta, are gehiago, ez da hori uste duen bakarra, eta horien guztien bilduma egin du iritzi artikulu interesgarri batean ‘‘Pabiloien aroa: argia eta itzalak’’ (‘‘Berria’’ 2025/03/28). Besteak beste, merkantilismoaz, herri ezaugarrien fagozitazioaz, euskararen zentralitateaz, testuinguruaren desagertzeaz, oasiez, euskal mainstream-aren eta beste guztien arteko aldea handitzeaz hitz egiten du. Horixe bada: pabiloien aroa. Sekula ez dudanez kirol zaletasun handirik eduki, urtetan aurrera egin ahala, 1.000 lagun baino gehiago biltzen dituzten espazioekiko agorafobia ideologiko moduko bat garatu dudanez eta, are gehiago, txikitasunaren aldeko militante sutsua bihurtu naizenez (ezinbestean, esango du baten batek), pabiloiekiko berezko etsaigo batek lanbrotzen dit iritzia. Beraz, ez egin kasu handirik, pabiloi, arena, estadioetan pentsatzen hasten naizenean, taula gainean ari direnekin bainoago, jendetza profitatuz, kanpoan eskean, salmenta ilegalean edo eta lapurreta txikietan ari direnekin gogoratzen banaiz.