04 AVR. 2025 «Faisaien irla», Bidasoko «muga absurdoak eragindako ondorio humanoen» isla 22. Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztuko da gaur Asier Urbietaren «Faisaien irla» filma, Bidasoko mugako errealitateari buruzkoa. Ohiko zinema-aretoetara apirilaren 23an iritsiko da Ipar Euskal Herrian, eta apirilaren 25ean, Bidasoaz beste aldera. Muga eta ibai horrek dituen «ondorio humanoak» landu dituzte. Diaby, Laspiur eta Urbieta, 22. Giza Eskubideen Zinemaldiaren aurkezpenean, atzo, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Faisaien uhartea munduko kondominio txikiena da; beraz, burujabetza partekatua dauka. Urte erdiz Estatu espainolari dagokio eta beste erdiz frantsesari. Bidasoan kokatutako irla horrexek ematen dio izena Asier Urbietak idatzi eta zuzendutako lehen film luzeari. 22. Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatuko da estreinakoz Euskal Herrian; Goteborgen, Malagan eta Bartzelonan egon ostean. Atzo aurkeztu zuen Urbietak berak, Jone Laspiur eta Sambou Diaby aktoreekin batera. Faisaien uharte inguruan paseoan doazela Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) bi pertsona ibaia zeharkatu ezinik ikusiko dituzte. Egun batzuk beranduago hilotz bat agertuko da ibaian. Eta abiapuntu horretatik galdera batek zeharkatzen du filma: Eta zuk, laguntzeko jauzi egingo zenuke? Errealitatean oinarritutako fikziozko filma da “Faisaien irla”, eta zuzendariak berak azaldu zuen 2021ean ikusitako albiste batek piztu ziola errealitate hori kontatzeko beharra: «Egunkarian irakurri nuen pertsona batek bere buruaz beste egin zuela Bidasoa ibaiaren parean; hildako pertsona beltza zen eta atentzioa eman zidan berriak, gehiago jakin nahi izan nuen eta Irungo Harrera Sarekoek esan zidaten ez zela kasu bakana. Bidasoko muga leku garrantzitsua bilakatu zen Afrikatik Europa iparraldera doan jendearentzat, transitoko leku bat da». EZEZAGUTZA Laspiurrek zein Diabyk aitortu zuten aurrez ez zutela gaia apenas ezagutzen eta Urbietak gehitu zuen hedabideetan landutako gaia dela, eta, beraz, akaso, herritarrak garela «ikusi nahi ez dugunak». Horregatik izan zuen berak «beste modu batera» kontatzeko beharra; «zinearen bidez, ikuslea emozionatuz, agian ikuslearenganako hesia gainditu genezake», adierazi zuen. «Orain errealitate hau ezin dut ez ikusi», esan zuen Laspiurrek, eta filmatzen jardun ziren bi hilabeteetan errealitate hori «egunero eta behin eta berriz» ikustea «gogorra» izan zela. Diaby ere bat agertu zen kidearekin, eta filmazioan gertatutako «anekdota» bat kontatu zuen: «Mugan grabatzen ari ginela, pick up-a gidatzen ari nintzen eta poliziak gerarazi ninduen, galderak egiten hasi zitzaidan eta ni ahalegindu nintzen azaltzen film bat grabatzen ari ginela. Gainontzeko taldekideak inoiz ez zituzten geldiarazi». Oso garrantzitsua izan zen lantaldearentzat pertsonaiek «geruzak» izatea. Laspiurrek, esaterako, bere pertsonaiarekiko enpatia sentitzea lortu zuela esan zuen: «Laida oso pertsonaia gaztea da, eta topo egiten du errealitate gordin honekin; kolpe bat da beretzat eta oso modu erreaktiboan egiten dio egoerari aurre, eta uste dut honen atzean ere badagoela ‘salbatzaile zuriaren konplexua’, edota erru zuria». Ikusleari pausatutako galderari lotuta, ikusle bakoitzaren erreakzioa landu nahi izan dute: «Zer egingo zenuke zuk?». Zuzendariak aitortu zuen beraiek galdera bota dutela baina ez dutela erantzunik; «gustatuko litzaidake baietz pentsatzea, baina gero errealitatean ez dakit zer egingo nukeen». Horri lotuta, ardura indibidual eta kolektiboen inguruan hausnartzen du filmak: «Gizaki bezala munduan zer egiten dugu arazoen aurrean, ikusle bilakatu eta besterik gabe ikusi edo aktiboki jokatu eta gauzak aldatzen saiatu?». Horixe da filmaren gako nagusia. Mugen «absurdoaz» hitz egin nahiak eraman zuen zuzendaria filmera; «ez dugu ulertzen nola batzuek modu klandestinoan igaro behar dituzten muga horiek eta beste batzuok nola igaro gaitezkeen zubitik». Zinearen bidez eta thriller gisara kontatzea egokia iruditzen zaio Diabyri: «Egoera hau salatzeko modu bat da». HILDAKOAKAzken urteetan bederatzi pertsona hil dira Bidasoko mugan. Bost itota, hiru trenak harrapatuta eta bat urkatuta.