12 AVR. 2025 Auzitegi Gorenak udaletan euskara lehenesteko aukera ezeztatu du Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi ditu EAEko Udal Legea garatzen zuen dekretuko zenbait artikulu eta, horrela, udaletxeetan euskararen erabilera lehenesteko aukera baliogabetu du. PPk eta Voxek egindako eskaerari men egin dio auzitegiak. Kontseiluak Donostiako Udalaren aurrean oldarraldi judizialaren aurka egindako mobilizazioa. (Jon URBE | FOKU) GARA BILBO Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legea garatzen zuen dekretuko zenbait artikulu baliogabetu ditu, PPren eskaerari jarraiki. Ezeztatutako artikuluek udaletxeetan euskararen erabilera lehenetsi beharra ezartzen zuten eta, beraz, aurrerantzean udalek ezin izango dute beren jarduera euskara hutsean burutu, ezta bertan lanean ari diren guztiak euskaldunak izanda ere. Lakuako Gobernuak epez kanpo jarri zion helegitea EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari; azken horrek dekretuko zenbait atal baliogabetzen zituen, PPk eta Voxek jarritako helegiteari men eginez; EAEko Auzitegiak, 2023ko urriko bi epaitan, dekretuko artikulu batzuk baliogabetu zituen, toki-erakundeetan euskararen erabilerari lehentasuna ematen zioten artikuluak. Lakuak bi epaiei errekurtsoa jartzeko asmoa agertu zuen orduan, baina PPren helegiteak eragindako epaiaren kasuan, Auzitegi Gorenak emandako epetik kanpo egin zuen. Lakuak erabaki horren aurka egin zuen, iritzita 30 eguneko epea auzitegiak zioena baino beranduago hasi zela, baina Gorenak apirilaren 2ko auto batean atzera bota zituen argudioak, eta ezetsi egin zuen errekurtsoa onartzea. KONTRAKO ERREAKZIOAK Erabakiaren aurka agertu ziren UEMA, Euskalgintzaren Kontseilua eta LAB, besteak beste. Kontseiluak erabakia «oldarraldi judizialaren» barruan kokatu zuen. Halaber, azpimarratu zuen sententziak «udalak erabat babesgabe utzi dituela hainbat jarduera euskara hutsean egin ahal izateko», eta gaineratu zuen udal guztiei eragingo badie ere bereziki kaltetuko dituela euskara nagusi den eremuetako udalak, UEMAkoak, kasu. Hain zuzen, UEMAk eta bere kide diren udalek argi adierazi zuten epaiak «marra gorri guztiak» gainditzen ari direla, eta «ezinbestekoa» dela euskarak behar duen lege-babesa artikulatzea, auzitegien menpe ez egoteko. Horrez gain, euskaraz jarduten jarraitzeko konpromisoa agertu zuten, «udalei eredu izatea dagokielako». Ildo beretik mintzatu zen LAB eta «irmoki» salatu zuen espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. Kontseiluak adierazitakoarekin bat eginez, azpimarratu zuen epaiek «babesgabe» uzten dituztela udalak, euskara normalizatzeko bidean: «Beste behin, epaitegiek gazteleraren hegemonia babestu eta euskara mendekotasunera zigortzen dute». Horrez gain, sindikatuak Lakuari «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu zion, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jartzeko epea iraungitzen utzi duela eta. EPEZ KANPOLABek Lakuari «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu zion, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jartzeko epea iraungitzen utzi duela eta. Izan ere, ez du helegitea auzitegiak ezarritako epean aurkeztu.