12 AVR. 2025 THE PITT Malabarismo narratiboa larrialdi zerbitzuetan Gaizka IZAGIRRE HERNANI Askok uste dutenaren kontrara “The Pitt” ez da ‘‘ER’’ (gazteleraz, “Urgencias”) telesailaren jarraipena, izaeragatik hala dirudien arren. Tira, izaeragatik eta, batez ere, dituen osagaiengatik: protagonistetako bat berbera da (Noah Wyle), baita sortzaileak ere (R. Scott Gemmillek eta John Wells) eta ospitale bateko larrialdi zerbitzuetan girotuta dago. Pittsburgh Trauma Medical Center ospitaleko larrialdietako hegalean girotutako proposamena da. Kolapsatzeko zorian dagoen sistema baten jarduera frenetikoa erakusten du, larrialdietako buruak ahal duena egiten duen bitartean. Artatuak izateko zain, pazientez betetako ospitale bat ikusiko dugu; behar baino langile eta ohe gutxiagorekin, eta profesionalak alde batetik bestera korrika. Bi telesailen arteko desberdintasunik handiena istorio nagusia aurkezteko erabiltzen den malabarismo narratiboa da, batez ere: denboraldiak irauten duen hamabost ataletan zehar, lanegun bakarrean gertatzen dena soilik ikusiko dugu. Ez hori bakarrik, larrialdietako taldearen eguneroko txanda osatzen duten 15 ordu trinkoak denbora errealean azaltzen dira; 15 atal, 15 orduko jarduna. Eskema horrek tentsioa, urduritasuna eta larritasuna areagotzen ditu, bai pertsonaiengan, baita ikuslearengan ere. Telesailak ez du etenik, erritmoa etengabea eta oso bizia da, frenetikoa. Nahiko gordina ere bada (zentzu guztietan); hildakoak azaltzen dira, odola, zaurien lehen plano esplizituak, paziente histerikoak, langileen eta nagusien arteko istiluak eta abar. Dramatismoa badago telesail honetan, noski, baina baita gizatasuna ere. Ez du generoa berrasmatzen, baina atal bakoitza esperientzia xurgatzailea eta liluragarria da.