GARA Euskal Herriko egunkaria
UN FUNERAL DE LOCOS

Remake baten remake kaskarra


Remake baten remake-a egitea nahiko zentzugabea dirudi, baina gainera, egiten zaion ekarpen bakarra lekualdaketa bada, bertsio berri hori guztiz alferrikakoa da. Bada hori da “Un funeral de locos”-ekin egin dutena. Potentzialtasun handia zuen istorioa hartu, kutsu espainiarra eman -euskalduna dela saltzen duten arren, ez da egia-, eta bikainak ziren pertsonaiak desegin egin dituzte.

Oraingo honetan, istorioaren erdigunean «euskal familia» bat kokatu dute. «Euskal» hitza asko errepikatzen ari dira promozio kanpainan, baina narrazioaren ustezko «euskalduntasuna», Gorka Otxoa aktore bikainaren presentzia, lehendakaria eta bizpahiru txiste salbu, ez da inondik ageri.

Aktore zerrenda aparta dauka filmak, baina ez zaie apenas etekinik ateratzen. Hori gutxi ez eta gidoitik zenbait egoera sinesgaitz eta erridikulu jaiotzen dira, adibidez: Belen Rueda (60 urtekoa) Ernesto Alterio (54 urtekoa) pertsonaiaren ama da; ez da filmeko adibiderik negargarriena.

Pelikula inpertsonala eta nahiko hutsala da, eta zenbait eszenek barrea eragiten duten arren, jatorrizko filmak zuen zuzentasun eza eta garraztasuna suntsitu egin dute. Dena oso konbentzionala da. Umorea arrunta eta eskatologikoa da. Komedia beltz zuriegia da.

Edukia ez ezik erabilitako forma ere oso orokorra eta modu automatikoan egindakoa dirudi.

Filmak duen zuzentasun politikoa eta inpertsonaltasuna hobeto ulertzen da, ekoizpenaren atzean Santiago Seguraren Bowfinger International konpainia dagoela ikustean. Gogoan duzue aurtengo Goya Sarietan “La infiltrada” filmak ex equo irabazi zuenean Maria Luisa Gutierrez ekoizleak jaurti zuen diskurtsoa? Bada, Segura eta Gutierrez dira “Un funeral de locos” filmaren ekoizle nagusiak.