GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia
Antzezleak

«Muga fisikoak daude, muga mentalak daudelako»

«Arizona» (Txalo Produkzioak) lanarekin Donostiako Antzoki Zaharra hartuko dute Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek gaurtik apirilaren 27ra. Mugei buruzko hausnarketa bat proposatzen dute, muturrera eramandako pertsonaien lurrazaletan sartuta: muga fisikoak zein mentalak, eta bien artean korapilatzen diren beste hainbat hari ere bai.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Txalo Produkzioak-en eskutik dator “Arizona” antzezlana. Euskaraz Kepa Errastiren gidaritzapean eta gazteleraz Esteban Roelen eskutik, Juan Carlos Rubio dramaturgoaren izen bereko testua du oinarri. Agertokian, bietan Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak. Ikusleek, beharbada, espero ez duten leku batetik, ordea, oraingoan. Mugen inguruko hausnarketa honek mugako pertsonaiak dituelako erdigunean: Ergelak. Amen esaten dutenak. Koadrikulatuak. Biolentoak. Deserosoak. Margaret eta Georgen azalean sartu dira bi aktoreak, inguratzen gaituen errealitate gordina publikoari leungarririk gabe erakusteko asmoz.

«Arizona» lanarekin zatozte Donostiako Antzoki Zaharrera. Lau egunez izango zarete bertan. Lan honetan jarri duzuen anbizioaren seinale da?
AITZIBER GARMENDIA:

Bai. Nik uste dut, gainera, guretzat oso garrantzitsua zela lau egun horiek euskaraz izatea. Jonek deitu zidan esanez lortu genuela lau egunez euskara hutsean izatea Antzoki Zaharrean. Biok ospatu genuen. Guretzat apustu oso garrantzitsu bat zen, eta lau egunetan salmenta hori edukitzea, sarrerak horrela saltzea, gozamena da.

JON PLAZAOLA:

Bai. Guretzat Antzoki Zaharrera joateak bietarik du: ilusiotik asko dauka, baina urduritasunetik ere bai. Toki berezia da biontzat.

«Arizona» lana taularatu behar duzue. Fitxa teknikoari dagokionez, abiapuntua Juan Carlos Rubioren testua da.
A.G:

Testu bikaina, gainera. Lehenengo aldiz irakurri genuenean, gainera, kuriosoa da bioi gogorarazi zigula elkarrekin ikusi genuen beste funtzio bat tonuagatik, testua ordenatzeko zuen moduagatik, eta lehenengo momentutik gustatu zitzaigun bioi.

 
Zer du berezia testuak?
J.P:

Ba, zoritxarrez eternoa dela, iraungitze datarik ez daukala. Ze Juan Carlos Rubioren testua 2005ekoa da eta gaur egun inoiz baino koherenteagoa da. Badirudi atzo goizean idatzitako testua dela, zeren guk urtarrilaren 25ean estreinatu genuen Barakaldon eta aste horretan bertan Donald Trumpen inbestidura izan zen. Eta 2005ean sortutako testu honek, George Bush presidente zenean sortutako testuak, hitz egiten du Minute Man izeneko proiektu bati buruz. Proiektu horren helburua zen boluntarioak bidaltzea Arizonak Mexikorekin duen mugara, ziurtatzera mexikarrek Estatu Batuetarako norabidean muga hori zeharkatu ez zezatela. Azkenean disparate bat bihurtu zen. Hasi ziren estatubatuarrak mexikarren putzuak-eta pozoitzen, tiroak ere egon ziren. Eta horregatik diot zoritxarrez iraungitzerik ez duela, ze problematika horretan eboluziorik ez da egon, izatekotan, inboluzioa agian. Eta, zorionez, diot, badaukagulako aukera mezu hain indartsua daukan antzezlan bat, hain aktuala dena, orain publiko aurrean antzezteko, eta publikoari gai hori plazaratu edo mahai gainean jarri eta hausnartzeko aukera emateko.

Fitxa teknikoarekin jarraituz, ez dugu aipatu, baina Txalo Produkzioak-ekin ekarri duzue lan hau gurera. Kepa Errastik berak itzuli du Rubioren testua. Halakoetan, ez da itzulpen literal hutsa izaten. Zer ekarri dio Juan Carlos Rubioren testu honi Kepa Errastiren itzulpenak?
A.G:

Keparen ekarpena izugarria izan da, bai testuari dagokionez, bai emanaldiari berari ere. Bera arduratzen da-eta euskarazko zuzendaritzaz. Kepak eman dio nortasuna, identitatea, funtzio honi. Keparengatik izan ez balitz, beste funtzio bat izango litzateke. Guregana ekarri du funtzioa berak. Gaia bakarrik ez, pertsonaiak ere euskal testuinguru batean kokatu ditu, Boisen. Kepak eman digun kanpo begirada oso-oso garrantzitsua da zentzu horretan.

Arrisku hori ere badagoelako, distantzia batera ikustean, ikusleek ere urruneko zerbait bezala ikustekoa. Unibertsaltasun hori nola lortu izan da gakoetako bat?
A.G:

Bai, ez da izan itzulpen hutsa, egokitzapen bat izan da. Eta, zuk esaten duzun bezala, egokitzapen horren bitartez Kepak lortu duela ere publikoa pertsonaiengandik eta planteatzen den arazo horretatik gertuago sentitzea eta hor plazaratzen ditugun sentimendu guztiak, problematika guztia barneratzea eta azalean sentitzea.

Euskaraz eta gazteleraz ematen ari zarete antzezlana. Desberdintasun handia dago bataren eta bestearen artean?
A.G.:

Momentu honetan bereziki handia. Erdarazkoak, oker ez banago, bi edo hiru egin ditugu. Bai, gehiago ez. Oraindik kulerotan dago. Euskarazkoak beste gorputz bat hartu duen bezala, gaztelerazkoari oraindik asko falta zaio. Espero irailerako buelta bat ematea horri, baina oraindik nahiko berde dago.

Zuen pertsonaiak George eta Margaret dira. Nola sentitzen zarete horien azalean?
A.G:

Biak oso tontoak dira, baina George tontoagoa!

J.P.:

Ez dizut ezetzik esango...

A.G.:

George gorrotatuko duzue, gorrotagarria da. Margaretek zalantza asko ditu eta hausnarketarako bidea ematen du, baina egia da bere moztasunean, hala ere, men egiten diola senarrak esandakoari. Baina galderak sortzen zaizkio eta senarrari zuzentzen zaio; George isilik gelditzen da segundo batzuetan eta isiltasun horiek oso inportanteak dira. Erantzun bat aurkitu nahian. Baina, hala ere, beti berak ikasitako erretolika edo predikuetara itzultzen da. Horrekin jarraitzen du. Punta asko dituen pertsonaia da George.

J.P.:

Aktoreok askotan esaten dugu gustukoen ditugun pertsonaiak direla gugandik gehien urruntzen direnak. Horiek ematen dizute bidea jolas egiteko, zuk normalean egiten ez dituzun gauzak egiteko, zuk normalean pentsatzen ez dituzun gauzak pentsatzeko. Ba, esango nuke George dela orain arte egin ditudan pertsonaia guztien artean nigandik gehien urruntzen dena, baina dudarik gabe, eta momentu batean Georgek botatzen dituenak defendatzea...

A.G.:

Egia da Kepak planteatu zigula pertsonaia hauek oso muturrera eramatea. Parodia egitea. Benetan oso dantesko erakustea, oso-oso parodiko, oso fartsa. Eta egia da apustu horri heltzea erabaki genuenean bertigo handia sentitu genuela. Zeren, nolabait, gugandik espero duten horren diferentea da.

Izan ere, publikoaren bi aktore kutun zarete. Lan hau publiko horrek espero dezakeena haustera dator?
A.G.:

Bai, tonuagatik ere bai. Erabat fartsatik sortu diren pertsonaiak dira eta, hasiera batean sekulako bertigoa eman zigun arren, iruditzen zait funtzionatu duela aukera horrek.

J.P.:

Bai, eta funtzioak egiten ari garen heinean ere konturatzen gara apustu horrek horrelakoa izan beharra zeukala. Konturatu garen bezala isiltasunak oso beharrezkoak direla. Margaretek Georgeri planteatzen dizkion galderak eta Georgek barneratuta daukan kredo horren inguruan kuestionatzen duen guztia. Bai Georgek, bai publikoak hausnartzeko, isiltasun horiek beharrezkoak dira. Georgek komunikabideetatik, politikariengandik jaso duen mezu guzti hori itsu-itsuan barneratu du. Margaret da guzti hori kuestionatzen duena. Eta nik, Jonek, egia esan, Margareten bidera joko nuke, beti izan naiz gauzak asko kuestionatzekoa. Orduan, bat-batean horrelako tipo fanatiko bat, gauzak itsu-itsuan sinesten dituena egiteak asko motibatzen nau.

Dokumentazio lana egiterakoan atzera jo genuenean 2005. urte ingurura eta Minute Man proiektu horri buruz egindako erreportajeak-eta ikusi genituenean, konturatu ginen bertan agertzen ziren pertsonak askoz esajeratuagoak zirela.

A.G.:

Eta gero, lehen aipatu duguna, antzezlanak badauka, hein handi batean, igual publikoak gugandik espero duen horretatik ere... baina gero, batez ere azkeneko atalean hartzen dugun zaplaztekoa izugarria da... jendearen aurpegiak ikustekoak dira. Hori da gugandik gutxien espero dutena, baina ezin genuen beste modu batera egin. Guztion artean erabaki genuen zerbait izan zen. Ezin genuen jorratzen dugun gaia jorratu eta fribolizatu.

Ikusleei begiak zabaltzeko aukera ere eman nahi duzue, ezta?
A.G.:

Bai, bai. Eta gai asko ukitzen ditu, gainera; ez bakarrik mugen kontuak. Muga fisikoak aipatzen dira, kasu honetan Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugak, baina muga horiek edonon daude eta ez dago hain urruti joan beharrik ere. Euskal Herrian bertan baditugu adibideak. Edo Melilla ere hor dago. Badaude muga fisikoak edonon, muga mentalak ere hor daude eta horiek igual arriskutsuagoak dira. Uste dut muga fisikoak existitzen direla muga mentalak daudelako. Eta gero badago beste gai oso potolo bat funtzio honetan, gizonak emaztearekiko erabiltzen duen biolentzia hori, hain zuzen ere. Tratu txarren inguruan ere badago beste errekatxo bat funtzioan bertan. Beharbada, publikoak espero ez dituen puntuak dira, baina guretzat garrantzitsuak direnak.

J.P.:

Badaude eszena oso gordinak, oso gogorrak.