26 AVR. 2025 FAISAIEN IRLA Muga fisiko zein moralei buruzko hausnarketa Gaizka IZAGIRRE HERNANI Familia bat gosaltzen ari da eski-estazio batean. Bat-batean elur-jausi bat azkar gerturatzen hasi da. Aitak, familia babestu beharrean, telefonoari heldu eta ihes egiten du. Ruben Ostlund-en “Turist” filmeko eszena da, eta gaia eta tonua zeharo desberdinak diren arren, “Faisaien Irla” pelikulako une batekin antzekotasunak ditu: Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) bi pertsona ikusi dituzte ibaia zeharkatu ezinik. Laidak uretara egingo du jauzi, baina Sambou geldirik geratuko da. Eszena horietatik tiraka bi filmetan galdera bera planteatzen da: «Zer egingo zenuke zuk?», hain zuzen ere. “Faisaien Irla” munduko kondominiorik txikiena da; bertan ez da inor bizi eta haren jabetza bi herrialde hegemonikok partekatzen dute. Mugen absurdoaz diharduen filma izanik, horrek badu metaforatik. Norbanakoaren erantzukizuna jartzen da eztabaidaren erdigunean: protagonisten arteko dualtasunak galdera deserosoak sortzen ditu, besteen sufrimenduaren aurrean dugun jarrerari buruzkoak. Laspiurrek interpretazio neurritsu baina bizia eskaintzen du, eta Diabyk, lan sinesgarri eta hunkigarria. Ikuspegi pausatu eta kontenplatiboaren aldeko hautua egin du Asier Urbietak, eta narratiba isiltasunen, begiraden eta tentsioz beteriko atmosfera baten bidez eraikitzen da. Giro berezi horren joskeran kokalekuak ezinbesteko funtzioa betetzen du filmean; atmosfera elikatzeaz gain, bertatik jaiotzen diren erreferentziek asko aberasten dute narrazioa: Bidasoko erraldoiak, Txingudi Errugbi Taldea, Irungo Mosku... Zenbait unetan gidoia apur bat sakabanatu egiten da eta zehaztapen edo sakontasun apur bat falta zaio, baina txalotzeko moduko debuta egin du Urbietak. Muga fisiko zein moralei buruzko hausnarketa oso interesgarria.