GARA Euskal Herriko egunkaria
ITZALALDI ELEKTRIKOA

Harridura lasaia Euskal Herriko kaleetan

Itzalaldi elektrikoak giro nahasia utzi zuen Euskal Herriko kaleetan. Oro har, sare sozialetan zabaldutako gezurrez harago, jendea lasai ibili zen eta ez zen izu unerik ikusi, nahiz eta garraio publikoa kolapsatuta geratu zen, batez ere Bilbon. Zenbait saltokik funtzionatzen jarraitu zuten, eta eskudiruak berriro protagonismoa hartu zuen.

Ezkerrean, argirik gabeko dendak Iruñean. Eskuinean, jendea autobusa hartu nahian, Bilboko kaleetan. (Iñigo URIZ | FOKUAsier ROBLES)

12.30ak inguru ziren Bilboko GARAren erredakzioan bat-batean argiak eta ordenagailuak itzali zirenean. Burura etorri zitzaigun lehenengo gauza izan zen itzalaldia erredakzioan edo eraikinean izandako arazoren baten ondorioz gertatu zela, baina leihotik begiratu eta tranbia geldirik eta semaforoak itzalita ikusi bezain laster jakin genuen arazoa orokorra zela.

Donostiako lankideekin harremanetan jarri eta han ere argindarra joan zela jakin ondoren, kezkatzen hasi ginen. Mugikorra hartu eta sare sozialetan ikusi genuen Estatu espainoleko hiri asko ere argindarrik gabe zeudela. Harrituta, ez genuen ezer ulertzen. Nola liteke argia aldi berean joatea eremu geografiko hain handian?

Kalera jaitsi eta giro bitxia sumatu genuen. Orokorrean lasaitasuna nagusi zen. Kaleetan eta Arriaga plazan eta Areatza inguruan jendea ez zegoen bereziki urduri. Hasiera batean jende gehienak lasai paseatzen jarraitu zuen, ezer gertatuko ez balitz bezala. Taberna eta saltokien inguruan giroa urduriagoa zen, eta Alde Zaharreko kaleak nahiko beteta zeuden astelehen eguerdia izateko.

Telefonoz hitz egiten saiatzen ari zen jendea eta jende multzo batzuk gertatutakoari buruz mintzatzen: «Portugalen ere argindarra joan da», zioen batek; «badirudi Europako beste herrialde batzuetan ere joan dela», beste batek.

Bazen gertaturikoaren arrazoien inguruan lehen usteak azaltzera ausartu zenik: «Ziber eraso bat da», «Gerra hibridoaren adibide bat da hau»; «Errusiak egindako eraso bat da»… zioten zoritxar igarleek.

Sare sozialetan ere alarma zabaltzen ari zen. Petronorren Muskizko lantegia ke beltza botatzen ikusten zen argazki batzuek zerbait larria zela pentsarazten zuten. Geroago, enpresa petrokimikoak adierazi zuen zentralak duen segurtasun protokolo baten ondorioa zela kea.

GARRAIO PUBLIKOA, KOLAPSATURIK

Bitartean, garraio sarea kolapsatuta. Metroa, trena eta tranbia zerbitzuz kanpo zeuden, eta jende mordoa autobusa hartzen saiatu zen, ilara luzeak sortuz, batez ere Hurtado de Amezaga kaleko markesinetan, Plaza Biribiletik gertu. Baziren taxia hartzen saiatu zirenak. Kaleetan udaltzaingoak trafikoa bideratzen ziharduen, semaforoen funtzionamendua makala baitzen.

Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian ere jende ugari ikus zitekeen. Erosketak egin ezinik, kalean, bueltaka, atzera-aurrera zeuden gehienak. Autobusen bat hartzeaz kezkatuta zeudenak alde batera utzita, giroa nahiko lasaia zen. Kezka bai, baina nahiko lasaia. Agian pandemiaren garaian okerragoak bizi izan ditugulako? Ez ziren gutxi tabernetako terrazetan lasai-lasai zain zeudenak.

Primarken inguruan, bai, nolabaiteko zalaparta zegoen. Hara hurbildurik, ate automatikoak ezin zirela ireki eta erosle asko barruan harrapatuta geratu zela ikusi genuen. Hala ere, han ere denek patxadaz hartu zuten eguneroko martxa azkarrean derrigorrezko etenaldia. Corte Inglesen, ate automatikoek funtzionatzen zuten, eta pertsona batzuk ikus zitezkeen sartzen eta irteten.

Eta, azkenik, 13.45 inguruan Bilboko erdigunea argia berreskuratzen hasi da eta giroa, urduritasun nabarikoa izan ez dena, erabat normalizatu da. Astelehen buruzuri hau bere horretara itzuli da.

ESKUDIRUAREN ITZULERA

Iruñean ere itzalaldi elektrikoak beste garai batera itzultzea ekarri zuen. Hiriko biztanleak eskudiruz erosketak egiten, udaltzainak trafikoa oinez erregulatzen eta bizitza kalera itzuli zen, egun batez. Atzoko eguraldi eguzkitsua elektrizitate falta konpentsatzen saiatu zen, era berean. Iruñeko kaleak jendez gainezka zeuden, jendea biltzen ari zen gertatutakoaz solas egiteko. Batzuk beren bulegoetatik irten ziren. Dendetako ateetan, berriz, saltzaileak ikusten ziren lokal ilun batzuen aurrean.

Saltoki batzuetan, batez ere elikadurarekin lotutakoetan, fruta dendetan edo okindegietan, adibidez, jendea erosketak egiten zebilen. Hori bai, poltsikoan edo diru zorroan hazka egin beharra zegoen, gero eta ahaztuago zegoen eskudirua lehen planora itzuli baitzen, txartelarekin ordaintzerik ez zegoelako.

Taberna batzuetan ere jendea ikusten zen barruan edari freskoez gozatzen. Kafeak edo infusioak argiaren itzulerarako geratzen ziren. Beste ostalaritza establezimendu batzuetan bezeroei sarrera galarazi zieten. Hala, zerbitzariak eta sukaldeko lantaldeak uneaz gozatzen ari ziren terrazetan eserita, elektrizitatea itzuli bitartean ustekabeko atseden bat hartzen.

Jende asko zebilen kaleetan, era guztietako komentarioak entzuten ziren. Batzuek argi zuten gertatutakoa «hacker baten lana» zela. 13.45 inguruan emakume gazte batek «Donostian argia dago!» ospatu zuen, nahiz eta Iruñean oraindik beste bi ordu itxaron behar izan ziren.

Pertsona batzuk igogailuen barruan harrapatu zituen, baina, gutxienez, Descalzos kaleko igogailu publikoa hutsik zegoen argindarra moztu eta ordu erdira. Semaforoen itzalaldi orokorraren ondorioz, arazo batzuk sortu ziren ibilgailuen zirkulazioan, hala nola Iruñeko erdiguneko plazetan edo Labriteko aldapan.

Ospitaleek nahiko normal funtzionatzea lortu zuten, sorgailuei esker.

Tentsio une batzuk kenduta, goiz eguzkitsuak itzalaldia lasai hartzera eta txandakako elkarrizketez gozatzera gonbidatzen zuen. 15.00ak aldera, eta modu mailakatuan, korronte elektrikoa Iruñera itzultzen hasi zen auzoka. Balantzea egiteko eta itzalaldiak eragindako kalteak egiaztatzeko unea iritsi zen.