GARA Euskal Herriko egunkaria

Agintarien ukazioa salatu eta herri libre bat aldarrikatu du Gure Eskuk Trebiñun

Gure Eskuk egun osoko egitaraua antolatu zuen Argantzonen herri libre bat aldarrikatzeko. Trebiñuko borroka eredugarria goraipatu eta dei egin zien herritarrei ekainaren 7an Bilbon egoteko.

Gure Eskuk atzo Argantzonen egindako ekitaldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gure Eskuk herri libre bat aldarrikatu zuen atzo Argantzonen, Trebiñun. Bertan izan zen Josu Etxaburu, Gure Eskuren bozeramailea. «Trebiñun gaude. Arabako eta Euskal Herriko txoko honek ezin hobeto irudikatzen du herritarren eskubideak eta nahiak demokratikoki betetzeko ahalegina eta, aldi berean, zoritxarrez, agintarien ukazioa; kasu honetan, Gaztela eta Leongo Juntarena», adierazi zuen.

Haren esanetan, «trebiñarrek behin baino gehiagotan, erreferendum bitartez eta bestela ere, administratiboki Araban sartzeko borondatea agertu dute. Borondate garbia, orokorra, transbertsala, atxikimendu politikoen edo bestelakoan gainetik. Agintariek, ordea, ezezkoarekin erantzun diote, behin eta berriz, borondate demokratiko horri. Baina trebiñarrek ez dute etsi nahi, ezezkoak ez ditu geldiarazi, administratiboki Arabaren parte izateko borondatea erakusten dute behin eta berriz, eta, horregatik, eredu dira gainerako euskal herritarrontzat».

«Horregatik, Trebiñu toki ezin hobea da burujabetzaren aldeko herritarren aktibaziorako deia egiteko», esan zuen eta Euskal Herriaren estatusari buruzko eztabaida «agenda politikoan» dagoela gaineratu. «Euskal Autonomia Erkidegoan, indar politiko nagusiak horri buruz hizketan ari dira; Nafarroan, Foru Hobekuntzaren lantaldea lanean ari da Parlamentuan; eta Ipar Euskal Herrian ere badira autonomia eskuratzeko proposamenak».

«Beharra dugu, baldintzak ere badaude. Beraz, aukera aprobetxatu beharra dago. Eta, horretarako, ezinbestekoa da herritarren aktibazioa. Horregatik deitu dugu ekainaren 7ko mobilizazioa Bilbon. Argi izan dezagun: jendartearen hauspoa nahi- taezkoa da burujabetza osoaren bidean urratsak egiteko».