GARA Euskal Herriko egunkaria
GAZAKO INFERNUA EKIALDE ERTAINERA ZABALTZEN ARI DA

Israelgo Enbaxadako bi langile tiroka hil dituzte AEBn

AEBko hiriburuko Museo Juduaren kanpoaldean izandako tiroketa batean Israelgo Enbaxadan ziharduten bi lagun hil zituzten asteazken gauean (atzo goizaldean Euskal Herrian). Ustezko atentatugileak museoan bertan itxaron zion Poliziari bere burua entregatzeko, eta Palestinaren askatasunaren alde aldarri egin zuen.

Israelgo banderan bildutako gizon batek keinu bat egin du Poliziaren aurrean tiroketa gertatutako inguruan. (Alex WROBLEWSKI | AFP)

Atentatua Washington erdian gertatu zen. Museoa dagoen Judiciary Square aldea National Mall-etik metro batzuk iparraldera dago, eta zenbait museo eta eraikin federal ditu inguruan. Lilian and Albert Small Capital Jewish Museum-en Israelekin harremana duten diplomatiko gazteentzat ekitaldi bat izan zen astelehen ilunabarrean, Estatu Batuetako Batzorde Juduak antolatuta. Poliziaren arabera, ekitaldia amaitutakoan, Yaron Lischinsky eta Sarah Milgrim bikotea, biak ere Israelgo Enbaxadako langileak, beste bi lagunekin kalean zeudela, pertsona bat hurbildu zitzaien eta tiroka hasi zen. Enbaxadako beharginei tiro egin zien, eta haiekin zeuden bi emakume estatubatuarrek ez zuten zauririk izan.

Poliziaren eta zenbait lekukoren arabera, ustez tiroak egin zituen 30 urteko chicagoarra Museo Juduan sartu zen jarraian. Elias Rodriguezek Poliziari deitzeko esan zien bertan zeudenei, eta atentatua «Gazagatik» egin zuela esan omen zuen. Bertako segurtasunak 20 minutuz atzeman zuen, Polizia iritsi eta atxilotu zuen arte. Kanpoan, pistola nora bota zuen erakutsi zien agenteei, eta bertan eskuratu zuten arma. Poliziak dioenez, ez dute uste beste inork parte hartu zuenik.

Atentatua gertatu eta gutxira, X (lehengo twitter) kontu batean, ustezko atentatugilearekin lotura daukan kontu batean mezu luze bat argitaratu zuten. Bertan, «israeldarrek palestinarren aurka egindako basakeriak» salatu eta «ekintza armatua» aipatzen zen, «egin daitekeen gauza bakarra da».

Atzo goizean oraindik agerian zegoen atentatuaren lekuan gertatutakoa. Poliziaren zintarekin batera, arrastoak biltzen jarraitzen zuten inguruetan. Museoa itxita zegoen. Duela bi urte baino ez zituen ateak ireki, Washington hirian sinagoga gisa eraikitako etxerik zaharrenean. Astelehenean bertan, AEBko hiriburuko gobernuak hamaika erakunderentzat milioi erdiko laguntzak iragarri zituen, tartean museo juduak: «Diru asko inbertitu behar dugu segurtasunean, ateak zabalik izateko publiko zabalari, leku ireki baina era berean segurua izateko». Beste kezka iturri bat ere bazuten, LGBT juduei buruzko erakusketa bat zabaldu berri dutelako, World Pride AEBko hiriburura datorrela aitzakia hartuta: «Egia da izan ditugula horri lotutako mehatxuak ere».

Museoa Albert H. Small higiezinen enpresari eta filantropoaren ondaretik sortu zen, eta Albert eta Lillian Small gurasoen izena darama. Smallek Tenleytown auzoko Wilson ikastetxean ikasi zuen, egun enbaxada ugari -Israelgoa tartean- dauden Van Ness auzunearen aldamenean. Connectictut etorbidean apartamentudun eraikinak badaude ere, auzoan familia bakarreko etxe dotoreak dira nagusi, herritar zurienak ia denak. Komunitate judu garrantzitsua bizi da Washington mendebaldeko inguru honetan.

Atentatuaren ostean, berehala iritsi ziren gaitzespenak bai AEB bai Israelgo Gobernuaren aldetik. Israelgo Enbaxadak Palestinarekiko elkartasunezko protestek sortutako «giro antisemitari» egotzi zion atentatua, baina enbaxadoreak ukatu zuen Gazako gertaerek harremanik izatea horrekin. Asteazken gauean hildako bi pertsonak, «sionista erabatekoak ziren, Israelgo Estatuaren zerbitzura harro», adierazi zuen Gideon Sa’ar Israelgo Atzerri ministroak. Bien familiekin hitz egin zuela esan zuen. Yaron Lischinsky alemaniarra zen sortzez, eta Israelgo herritartasuna ere bazeukan. 30 urtekoa, Armadan ibilia zen, eta Enbaxadako bulego politikoan lan egiten zuen. Haren bikotekide Sarah Milgrim estatubatuarra zen, eta Israelera bidaiak antolatzen zituen.

Enbaxadak segurtasun neurri zorrotzak ditu, baina inguruko zenbait etxetan Palestinaren aldeko afixak daude. Hiriko erdigunetik urrun egon arren, azken urteotan Gazako egoera salatzeko manifestazio bat baino gehiago izan dira inguruan. Iazko otsailean 25 urteko militar estatubatuar batek bere burua erre zuen Enbaxadako atarian, eta handik gutxira hil zen.