23 MAI 2025 Magma artean Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Gaur zinemetara iritsiko da «Armeroko tragedia» bezala ezaguna den sarraskia ardatz duen “Hija del volcán” dokumentala. Nevado del Ruiz izeneko sumendiaren erupzioak, 1985ean, Kolonbiaren historiako tragediarik handienetako bat eragin zuen: 23.000 pertsona baino gehiago hil ziren. Jenifer de la Rosa (zuzendaria) izan zen bizirik irten zen haurretako bat. Hogeita hamar urterekin, ama biologikoak bizirik jarraitzen duela sinetsita, bere sustraiak arakatzea erabakiko du “Hija del volcán” dokumentalean. Lana ikusi berritan bere garaian asko disfrutatu nituen bi lan datozkit gogora; lehenengoa “Into the Inferno”. W. Herzogek munduko sumendi nagusien inguruan bidaia filosofiko eta antropologiko bat eskaintzen du. Sumendien indar naturalaz gain, horien inguruan eraikitako kultura, mitoak eta sinesmenak aztertzen ditu. Bigarrena “Fire of Love”. Katia eta Maurice Krafft bikote bolkanologoaren bizitzaren inguruko lana da. Bi gauza maite zituzten: batak bestea eta sumendiak. Maitasun triangelu oinarrizko honen emozioak eta arriskuak liluratuta igaro zituzten bi hamarkada; planeta zeharkatuz, erupzioei zein haien ondorioei erreparatuz, eta haien aurkikuntzak argazki eta film ikusgarrietan dokumentatuz. Naturak daukan ikuspegi basatienaren adierazleak dira sumendiak, eta lan horietan ezin hobeto jasotzen da hori.