GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Gutun irekia Eusko Jaurlaritzari


Lerrook sinatzen ditugun elkarte eta taldeok zuengana jotzen dugu Iparaixe II izeneko zentral eolikoaren harira. Argalario-Mendibilen 150 metroko bost haize-sorgailu jartzeko proiektuaren ebazpena eman aurretik, zenbait gogoeta eta eskaera helarazi nahi dizuegu, erabaki zentzuduna hartzen lagunduko dizuelakoan.

Badakizue espezie mehatxatuen babeserako proiektua sinatu zenutela; eta Argalario-Mendibilen dago, hain zuzen, Neophron percnopterus (sai zuria) hegazti mehatxatuaren habitata. Espezie hori Europar Batasuneko zuzentarauetan da (2009/147/EE zuzentaraua) eta Estatuko eta EAEko legeek babesten dute. Bizkaiko Foru Aldundiak berak ohartarazi du Iparaixe II eraikiz gero espezieak jasango lukeen kaltea atzeraezina litzatekeela. Ez da onargarria, beraz, plan eoliko bat aurrera eramatea espezie babestu baten habitat naturalean.

Proiektu hau abian jartzea, gainera, Barrionuevo, Larreineta eta La Arboledako bizilagunen bizi-kalitatearentzat eta osasunarentzat arriskutsua da. Izan ere, egindako azterketa akustikoek adierazten dute auzo horien eta balizko zentral eolikoaren hurbiltasunagatik (Barrionuevotik 667 metrora, Larreinetatik 1.200 metrora eta La Arboledatik 1.350 metrora), 1367/2007 Errege Dekretuak ezarritako 45 dezibeleko muga gaindituko litzatekeela. Osasunaren Munduko Erakundeak aspaldi adierazi zuen osasunarentzat kaltegarria dela ezarritako zarata muga gainditzea.

Esan gabe doa zentral eoliko honen azpiegitura-lanek ere kalte iraunkorrak ekarriko lituzketela: proiektuaren obrak gutxienez bi urtekoak izango dira, eta horretarako bideak zabaldu, zolatu eta mendian artifizialki esku hartu behar da. Gure auzoetatik, Larreineta eta Barrionuevotik, pasatuko lirateke Blade Lifter izeneko kamioi erraldoiak. Baina ez hori bakarrik; behin eraikuntza amaituta, ez da aurreikusten errepidea egoera naturalera leheneratzea. Meatzalde-Ezkerraldeko birika berdea porlanez betetzea da estrategia bakarra.

Ez dugu ahaztu behar Meatzaldeko UP08 paisaia unitatean ezarri nahi dela Iparaixe II makroproiektua eta Eusko Jaurlaritzaren Paisaiaren Katalogo Ofizialean «balio nabarmeneko» gisa izendatuta dagoela inguru hori. Era berean, bost eoliko horiek eragin nabarmena izango lukete Bizkaiko paisaian, berrogei udalerri baino gehiagotatik ikusiko bailirateke. Mendibil eta Argalario, gainera, ez dira mendigune soilak, meatzaritzaren memoria historikoa eta paisaia identitarioa ere badira; hortaz, hori ere arriskuan dago.

Iparaixe II zentral eolikoaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio fasean Barakaldoko eta Trapagarango udalek ez ezik, inguruko zenbait elkartek ere aurkeztu zituzten alegazioak. Bizkaiko Diputazioak ere ezetza eman dio proiektuari. Eta azken hitza zuek izan arren, gure lurraldeaz erabakitzeko eskubidean sinesten dugu guk.

Energia berriztagarrietan ere sinesten dugu, baina ez horrela; ingurumena eta komunitatea errespetatuko dituen eredu deszentralizatu eta integratu bat behar da. Esaterako, soilik Barakaldoko eraikuntza publikoetan eguzki-instalazio fotovoltaikoak jarriz 27 megawatt sortuko lirateke, Argalario-Mendibilen jarri nahi diren bost haize-sorgailuek lortuko luketena baino gehiago. Beraz, alternatiba garbiak egon badaude.

Aipatutako guztiagatik, Iparaixe II makroproiektu eolikoaren instalazioari baimena ukatzeko eskatzen dizuegu, eta, etorkizunean antzeko mehatxurik egon ez dadin, Mendibil eta Argalario inguruari legez erabateko babesa emateko ere eskatzen dizuegu.

Erabaki arduratsu eta koherentea hartuko duzuelakoan.