02 JUIN 2025 Zubiaren zein aldetan? Surflari ernegatua Urtero egin ohi zen Angeluko QS txapelketa bertan behera geratu da. Beraz, aurtengo denboraldian Euskal Herrian egingo den surf txapelketa esanguratsuena hurrengo asteburuan Donostian egingo den Europako Junior txapelketa izango da. Bertan izango dira 20 urtetik beherako surflari europarrak, baina baita europarrak ez direnak ere, adibidez, israeldarrak. Maroko eta Israel «Europako eskualdean» kokatzen ditu WSL erakundeak, eta han txapelketak ere egiten ditu. Maroko onartzearen arrazoi nagusia hango eskuin olatu bikainak dira. Israel onartzearen arrazoia, ostera, politikoa da, inguruan dauden herrialdeetako surflariek ez baitute lekurik Europan; palestinarrek, kasurako. Israelgo 9 surflari lehiatu ziren iaz Angelun; sei mutil eta hiru neska. Hain olatu txarrak dituen eta hain kostalde txikia duen herrialdeak QS txapelketa batean 9 ordezkari izatea esanguratsua da. Gehienek, maila apala izan arren, laguntza ekonomikoa jasotzen dute, baina haien tauletan itsatsita dituzten pegatina gehienek ez dute surf munduarekin loturarik, hebreeraz idatziak dira. Iaz Anat Lelior ikusi genuen Angeluko oholtzan. Erdian lazo hori handi bat zuen Israelgo banderarekin atera zen oholtzara. Lehenago lazo horia minbiziaren kontrako ikurra zen, baina orain israeldarrek erabiltzen dute, beraien bonbekin akabatzen ari diren bahitu israeldarren askatasuna eskatzeko. Ekainaren 6tik 8ra Donostian izango dira 20 urtetik beherako surflari «europarrak», eta hor izango dira, noski, israeldarrak. Ez dut uste txapelketaren antolatzaileek trabarik jarriko dietenik, ezta gainerako lehiakideek ere, surf komunitateak aspaldi erabaki baitzuen «apolitikoen» bandoa, alegia, hiltzaile boteretsuena. Ordea, txapelketa bat ikusteko ez dago surflaria izan beharrik... Artean, berrehun bat lagun bildu ziren pasatu den larunbatean Baionako Santizpirita zubian, udalak bertan ezarria duen Israelgo bandera ken dezala eskatzeko. Poliziak babestu zuen Gazako genozidioaren ikurra, indarrez... Uste dut surflariok gogoeta egin behar dugula, gure kirola zein baloreri lotua nahi dugun erabakitzeko. Hastapenetan surflariak jipiak ziren, «pijoak», «pasotak», «porreroak», edo nahi dena, baina zerbait ziren, alegia surflari izateak komunitate bateko kidea izatea suposatzen zuen, balore batzuek izatea. Beste eztabaida bat da balore horiek egokiak ziren edo ez. Egun, surflari kopurua askoz ere handiagoa da, ondorioz logikoena komunitate desberdinak eratzea izango litzateke, baina ez da horrela, badirudi surf mundua homogeneoa dela, guztiok bat eta bakarra garela, eta bat horren izaera hedabideetan aurpegia ematen duten surflariek marrazten dutenez, baiezta dezaket, surflariok Baionako zubian egongo bagina, polizien aldean egongo ginatekeela. Ekainaren 6tik 8ra Donostian izango dira 20 urtetik beherako surflari «europarrak», eta hor izango dira, noski, israeldarrak. Ez dut uste txapelketaren antolatzaileek trabarik jarriko dietenik, ezta lehiakideek ere.