GARA Euskal Herriko egunkaria
BAAVGAI BOLOHSON (SI YO PUDIERA HIBERNAR )

Pobrezia izoztuaren oihartzuna


Ez da maiz gertatzen Mongoliako film bat pantaila handian ikusteko aukera izatea, eta are ezohikoagoa da emakume zinemagile mongoliar baten lana izatea. Horregatik bakarrik bada ere -eta aipatuko ditudan beste arrazoi batzuk tarteko-, biziki gomendagarria da filma ikustea.

Ulzii nerabeak fisikako lehiaketa bat irabazi nahi du, beka bat lortzeko. Baina amak -analfabetoa eta alkoholikoa- lana aurkitu du mendian. Ulziik anaia txikien zaintza lana bere gain hartu beharko du negu betean.

Pobrezia izoztuaren erdian, eta bere ametsak elurretan apurka hiltzen ari diren bitartean, izenburuari erreferentzia egiten dion esaldi argigarria jaurtitzen du Ulzii protagonistak: «Animaliak bezala hibernatzea gustatuko litzaidake».

Premisa horren aitzakiaz, Zoljargal Purevdash zuzendariaren lehen lanak Ulan Batorko Yurten barrutiko bizi baldintza zailak ditu ardatz. Yurtetan ez da ez iturriko urik ez berogailurik; ikatza -edo ahal dutena- erretzen dute hotzari aurre egiteko, eta ke horrek, laino astun bihurturik, munduko hiri kutsatuenetakoa bilakatu du inguru hura. Arnasten duten airea ez da soilik kea, baizik eta pobreziaren kiratsa.

Narrazioak ez du ezustekorik gordetzen: gidoia aurreikusteko modukoa da, eta gainditze pertsonalei buruzko filmetan ohikoa den egitura darabil. Hala ere, ezin zaio askoz gehiago eskatu. Purevdash-ek begirada samur eta zehatz batez jasotzen du protagonistaren egunerokoaren gordintasuna: dotorezia sotil batekin filmatzen du, estilo errealistan oinarrituta, eta sentimentalismoaren eremura hurbildu gabe.

Filma testigantza hunkigarria da: Mongoliako paisaia zabal eta hotzetan ere lehen mailako zinema sortzen dela erakusten du. Urruneko lurralde bateko ahots ausart eta sotil baten oihartzuna da.