12 JUIN 2025 Donostiako suhiltzaileak itxialdian, plantilla handitzeko GARA DONOSTIA Donostiako suhiltzaileak 48 orduko itxialdia egiten ari direla aditzera eman zuen atzo langileen batzordeak, Garberako parkean pairatzen duten egoera salatzeko. Batzordeak azaldu zuenez, Ogasun eta Suhiltzaileetako zinegotziekin izandako azken bileran plantilla handitzeko konpromisoa gauzatzea ezinbestekoa dela adierazi zieten. «Konpromiso hori onartzen ez bada, langileen ordezkaritzak ez du negoziazioarekin jarraituko», nabarmendu zuen. Izan ere, suhiltzaileen plantilla handitzea aspaldiko aldarrikapena da Donostian. Plantilla oso urria dela eta, Donostia eta inguruko herrietako segurtasuna ezin dutela bermatu ohartarazi dute behin baino gehiagotan. MOBILIZAZIOAK «Oraindik erantzunik jaso ez dugunez, kolektiboak mobilizazioak bizkortzea erabaki du, iritzi publikoaren eta herritarren aurrean Udal Gobernuaren pasibotasun-egoera salatzeko», iragarri zuten. Hor kokatzen da Garberako parkean egingo duten 48 orduko itxialdia. Gaur, bizikleta martxa egingo dute 11.00etan, eta kontzentrazioa 16.30ean Kursaalen. Bihar, berriz, batzar loteslea egingo dute 10.00etan. Ondoren, 12.30ean, prentsa agerraldi batera deitu dute, parkean mobilizazioaren balorazioa eta langileen asanbladak erabaki duena helarazteko.