GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Amaiur EGURROLA
Ernaiko bozeramailea

«Krisiak aukera momentuak izan daitezke eta aldaketak gertatzeko balia daitezke»

Ernaik «Ekin eta bultza askatasunera» izeneko udako kanpaina jarri du martxan. Gazteak eta kalea aktibatzen jarraituz, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortzeko bultzatzen segitzea da ekimenaren helburua; hala esan du Amaiur Egurrola eledunak.

(Iñigo URIZ | FOKU)

“Ekin eta bultza askatasunera” dinamika abian du Ernaik eta, udan kalean giro handiagoa egoten denez, testuinguru hori baliatu eta gazteria aktibatzen jarraitzea da bere helburua. Amaiur Egurrola antolakundeko bozeramaileak atzo NAIZ Irratian izandako solasaldian azaldu zuenez, irailean mobilizazio nazionala egingo dute Donostian eta bien bitartean herrietan komunitatearekin, bertako gazteekin, egon eta elkarguneak sortzen jarraituko dute. Independentziara egunak ospatu dituzte, esaterako, azken hilabeteetan, eta udan ere antzeko dinamika eta elkarguneak antolatzeko asmoa agertu du gazte antolakundeak.

Gazteen belaunaldiaren testuinguruari ere erreparatu zion Egurrolak: «Espektatiba krisi bat bizi du eta ezegonkortasuna eta prekaritatea dira nagusi; ez dakigu bihar nola egongo garen». Gazteek dituzten arazoei erantzute aldera, Ernaik egitekoa baduela adierazi zuen, «ortzi-muga berriak marraztu eta heldulekuak irudikatzeko».

Gaur egungo gizartea prekaritateak zeharkatzen du eta egoera horren ezaugarriak aipatu zituen Egurrolak: «Garai likidoa eta ezegonkortasuna». Horren aurrean, gazte erakundeak «komunitate txikiak sortzeko eta aurrera egiteko bertutea» duela goraipatu zuen Ernairen eledunak, eta zeregin horri heltzeko konpromisoa agertu zuen.

TXIKI ETA OTAEGI, NAZIO BIZIBERRITZEAREN ALDEKO GAZTEAK

50 urte beteko dira irailaren 27an Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, eta efemeridearen inguruan ere mintzatu zen Egurrola.

«Erregimen frankistak hil zituen bi gazte independentista» zirela adierazi zuen, Euskal Herriaren izatea zalantzan zen momentuan «nazio biziberritze baten alde borrokatu ziren gazte independentistak», hain zuzen. Gazte belaunaldi horren jarraipen gisa ulertzen du egungoa, nahiz eta testuingurua erabat aldatu den ordutik hona.

Egungo belaunaldiak ez du bizi gatazkaren gordintasuna, baina bai ondorioak, Egurrolak gogora ekarri zuenez. Testuinguru orokorra ere aldatu da, bere hitzetan, eta orain «nazio biziberritze berri bat abiatu eta bultzatzea» dagokie gazteei: «Paralelismo hori egin dugu, belaunaldi bezala Txikik eta Otaegik zituzten eta guk ditugun erronkek antzekotasunak dituztelako». Hala ere, azpimarratu zuen ez dutela paralelismoa ikuspegi «historizista» batetik egin nahi, «bultzada emateko baizik».

«Krisi betean» bizi garela esan zuen Egurrolak, eta gaur egungo gazteek ez dutela besterik ezagutu 2008tik hona. Hala ere, etsipena baztertzearen alde agertu zen, Ernaik badaukalako herri aske eta feminista baterako bidea marka- tzen duen proiektu politikoa.

«Krisiak aukera momentuak izan daitezke eta aldaketak gertatzeko balia daitezke», baieztatu zuen, ildo beretik, Ernairen bozeramaileak. Izan ere, ziur dago gazte antolakundeak irudikatzen duen Euskal Herria egikaritzeko aukerak egon badaudela: «Aukera horiei heldu beharko diegu aurrera egiteko».

ESPEKTATIBA KRISIA

Prekaritateak eragindako «espektatiba krisia» bizi du gaur egungo gazteen belaunaldiak, Egurrolak azaldu zuenez. Hala ere, adierazi zuen belaunaldi bakoitzak izan dituela ezaugarritu dituen arazoak eta egungoak dituenei «ortzi-mugak» marrazteko ardura bere gain har dezakeela Ernaik.

Elkarrizketa osoa NAIZ Irratiaren web atarian dago entzungai.