21 JUIN 2025 PSE haserrearazi du prozesu publikoetan euskara babesteko EAJk aurkeztu duen ekimenak EAJk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eta euskaldunen eskubideak bermatzeko lege proposamena erregistratu zuen atzo. PSEk kritikatu egin zuen eta EH Bilduk ongietorria eman zion. Markel Olano, atzoko agerraldian. (EAJ) GARA GASTEIZ EAJk hautaketa prozesu publikoetan euskara babesteko eta prozesu horiei segurtasun juridiko handiagoa emateko lege proposamena erregistratu zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrean. Jeltzaleek azaldu zutenez, ekimenak lan eskaintza publikoen hizkuntza eskakizunak erakunde bakoitzaren «errealitatera» egokitzea planteatzen du, proportzionaltasun irizpideekin eta Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko irizpideekin. Markel Olano EAJko legebiltzarkidearen esanetan, azken hilabeteetako euskararen biziberritze prozesuaren aurkako epai judizialek sortutako kezka egoerari erantzun nahi dio ekimenak. «Ezin gara ezer egin gabe geratu azkenaldian sententzia hauen bidez egiten ari diren euskararen kontrako erasoen aurrean, eta irtenbide bat eskaini behar dugu, LEP bat egiten duten pertsonei eta Administrazioan euskararen erabilerari kalte egiten dieten epaiak saihesteko». «Era berean, ezin dugu ahaztu euskal administrazioetan garatutako hizkuntza politika integratzaileak funtsezko tresna izan direla gure hizkuntzaren biziraupenerako», gaineratu zuen Olanok Gasteizko Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan. EAJk erregistratutako idazkian -ofizialki, Hizkuntza Normalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko Lege Proposamena- hau planteatzen da: Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187. artikuluari beste atal bat gehitzea. Praktikan, Administrazio bakoitzak azterketa «zorrotz eta justifikatua» egin dezala eskatuko da, «proportzionaltasun irizpideetan eta erakundean hizkuntza ofizialak erabiltzeko beharretan oinarrituta», LEPak ateratzerakoan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak finkatze aldera. Eta, bestalde, kendu egingo da «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrak» aplikatzea, orain arte egiten zen bezala, «hori izan baita epai judizialen tirabira eta baliogabetze puntu nagusia». PSEREN HASERREA EAJk ez du ekimena PSErekin adostu, eta Eneko Anduezaren alderdiak aldebakarreko proposamenak bi alderdien gobernu akordioa «urratzen» duela ohartarazi zuen. «Gure gobernu akordioak aurreikusten duenaz harago doa, eta kezkatu egiten gaitu», adierazi zuen Pau Blasi legebiltzarkideak. Ganberan bertan egindako agerraldian salatu zuenez, EAJren ekimenak «ez dio jaramonik egiten gobernu akordioaren espirituari eta edukiari». «Funtsezkoa den gai batean desadostasun bat dago, eta ondorioak datozen hilabeteetan ikusiko dira», gaineratu zuen. Hala ere, PSEk EAJrekin sinatutako akordioarekiko «leial» izaten jarraituko dutela ziurtatu zuen Blasik. Akordio horren bidez, Lakuako Gobernuak «indarrean» jarraitzen duela azpimarratu zuen, «bide-orri nabari batekin». PSEko legebiltzarkidearen iritziz, EAJren proposamenaren atzean EH Bildurekin duen «borroka» dago. Izan ere, talde subiranistak Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko lege proposamena erregistratu du jada Legebiltzarrean. Ildo horretan, EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak ongietorria eman zion EAJk LEPetan euskara blindatzeko egin duen lege erreformaren proposamenari, baina ohartarazi zuen horren edukia ez dela nahikoa izango prozesu horietan euskararen eskakizuna- ri segurtasun juridikoa emateko. «Dagoeneko bi proposamen ditugu Eusko Legebiltzarrean. Eztabaida auzitegietatik atera dugu, eta orain ekarpenak egingo ditugu. Garai berri bat ireki da euskararentzat, guztion lana eta politika publiko berriak behar dituena», adierazi zuen EH Bilduko legebiltzarkideak. URTE HASIERATIKOlanok esan zuenez, atzo erregistratutako proposamenak du «berme juridiko handiena». Urte hasieratik aritu omen dira horretan lanean legelari adituak.