24 JUIN 2025 Eroskik 13,2 milioi euroko emaitza positiboarekin amaitu du lehen hiruhilekoa Eroskik adierazi duenez, 2025eko ekitaldiko lehen hiruhileko salmenta gordinak 1.385 milioi eurotara iritsi ziren. Eta taldeak 13,2 milioi euroko emaitza positiboa izan du. Elikagaien salmenta gordinak igo egin dira. (I. ZABALETA | FOKU) GARA GASTEIZ Eroski taldeak ekitaldiko lehen hiruhileko kontuak itxi ditu, 2025eko otsailaren 1etik apirilaren 30era. Atzo ohar baten bidez azaldu zuen emaitza positiboa 13,2 milioikoa izan dela, iazko lehen hiruhilekoan baino %38 gehiago. Fakturazioak azken ekitaldietako hazkunde ildoari jarraitu diola nabarmendu zuen. Jardueraren bolumenean salmenta gordinak 1.385 milioi eurora iritsi dira. Elikagaien arloko salmenta gordinak izan dira hazkundearen motor nagusia, %1,5 igo baitira, 2024ko aldi berarekin konparatuta; hala, 1.316 milioitara iritsi dira. Aurrerakada horretan zerikusia izan du sustapeneko eta prezioei eusteko ahaleginek izan duten harrera onak, «zeinak, 2021eko amaieratik abiatuta, helburu izan duen kostuen igoerak salmenta prezioetan ez erasateko helburua». «Gainera, aurrezpenean egindako inbertsio hori esplotazio kostuak gero eta handiagoak diren eszenario batean izan den arren, taldeak lortu du bere inpaktua mugatzea, eraginkortasunean egindako hobekuntzei emandako jarraipenari esker», adierazi zuen. Eroskiko CEOak, Rosa Carabelek, azaldu duenez, «hiruhilekoa iragarri genuen bezala itxi dugu: gure eredu komertzialaren sendotasuna eta eraginkortasuna berretsita eta gure lehiakortasunaren posizionamendua indartuta». «Era berean, kontsumitzaileei aukeratzeko gaitasuna eman diegu aukera sorta zabalarekin. Eta apustua egin dugu marka propioaren eta produktu freskoen alde. Hala, ezohiko kalitate-prezio harremana lortu dugu, eta, horrekin batera, aurrera jarraitu dugu eraginkortasuna hobetzeko ekimenak ezartzen, horietako asko analisirako tresna aurreratuetan eta adimen artifizialean bermaturik. Horren erakusgarri da lehen hiru hilabeteetan Ebitdak 59 milioi lortu izana, iaz epe berean baino kopuru handiagoa. Beraz, esan dezakegu ona dela gure jarduera operatibo eta komertzialaren bilakaera», esan zuen. 1.502 SALTOKIEroskik 1.502 saltoki zituen 2024aren amaieran. Halaber, 6,3 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, 27.600 bazkide kooperatibista eta langile bazkide baino gehiago, horietatik 9.000 sozietatearen jabe ere badirenak.