24 JUIN 2025 Gerrak Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Europako kontu zaharretan pertsonaia ezaguna da soldadua. Gerra luzea amaitu ostean, zahartuta itzuliko da sorterrira. Itzul bidaia horretan soldaduak era guztietako hamaika pasadizo biziko ditu, fantastikoak batzuk, sinesgaitzak beste asko. Modu batera edo bestera aurre egingo die froga guztiei, batez ere, bere azkartasunari esker, gerra urteek eman diotena. Abenturazalearen eredua izango da, urrutiko lurraldeak korritutakoa, hamaika abentura eta zailtasunetatik bizirik irtendakoa eta, beti, kontakizun bat ahoan izango duena. Ordea, soldadua beti pobre eta beti gose ibiliko da, sorterrira ezin ailegatu. Soldadua sasi heroia izango dugu, jendartearen goi mailako agintariak baino, behe mailako jendea ordezkatuko duena. Gerrara doazen jauntxoak eta erregeak ez bezala, soldadua miseria gorrian biziko da, eskean eta gosez, gerrak utzi dion ondorioa horixe dela; beraren antza, herri xeheak jasan izan duena gerren eraginez, heriotza, miseria eta gosea. Gerraren kalteak nork jasan ohi dituen argi geratzen zen soldaduaren pertsonaiarekin. Orain, gerra globalaren arriskupean gaudela, sarraski globalaren mehatxupean, argi eduki behar dugu nork jasaten duen miseria, gosea, sarraskia. Eta, era berean, argi eduki behar dugu nor den horren laguntzailea. Ze istorio izango ditugu kontatzeko?