30 JUIN 2025 Medikuntza euskaraz ikasteko plaza gehiago izango ditu EHUk GARA LEIOA Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak aurreratu duenez, datorren ikasturtean «ahalik eta gehien» handituko da Medikuntzako euskarazko plazen kopurua. “Deia” egunkarian egindako elkarrizketa batean, Osasun Sailarekin Medikuntzako euskarazko plazei buruz izandako ika-mikaren inguruan galdetu zioten, eta Bengoetxeak esan zuen bi aldeak bat datozela «ahalik eta plaza gehien euskaraz eskaintzeko helburua lortzean, betiere espazio eta kalitate baldintza ezin hobeak bermatuz, gaztelaniazkoen parekoak». Helburu horrekin, «bi aldeek adostutako kopuru optimoa eta maximoa zein den aztertzen ari gara», esan zuen. Alberto Martinez Lakuako Osasun sailburuak EHUri eskatu zion euskarazko 40 postu gehiago eskaintzea, aurreikusitako 16 plazen ordez. Bengoetxeak azaldu zuen datorren ikasturtean 16 plaza horiek baino gehiago egongo direla euskaraz, baina ez zuen zehaztu zenbat. «Gure aukeren eta Eusko Jaurlaritzaren aukeren mugen barruan eskain ditzakegun gehienezko plazak izango dira», ziurtatu zuen. Hori dela eta, euskal unibertsitatean «erlojuaren kontra» lanean ari dira dena prestatzen, instalazioak berritu behar dituelako. Gainera, «ospitaleetako irakaskuntza-unitateetan irakasle euskaldunak aurkitzea ez da beti erraza, gaztelaniaz ere ez den bezala» eta horregatik «plangintza oso zehatza» eskatzen du. Hala eta guztiz ere, baikor agertu zen eta EHUk «mekanismo guztiak» martxan jarriko dituela ziurtatu zuen.