30 JUIN 2025 30 URTEREN ONDOTIK, POLIZIA INDARKERIAREN BIKTIMATZAT AITORTU DUTE Rosa Zarra: «Egia da gure doluaren hasiera» Gaur 30 urte beteko dira Rosa Zarra -Rosi hurbilekoentzat- hil zela Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz. «Maitasunez eta egiarekiko leialtasunez osatutako familia bati esker», Rosi polizia indarkeriaren biktima gisa ofizialki aitortzea lortu da aurten. Atutxari dei egin diote: «Ez dezala barkamena eskatzeko aukera galdu». Rosa Zarraren senidea, hunkituta, jendeak babestuta. (Andoni CANELLADA | FOKU) Maider IANTZI GOIENETXE Eguerdia zen Donostiako Olaeta plazan. Argazki bat zegoen oholtza baten ondoan, Rosa Zarrarena, Rosirena, duela 30 urte Ertzaintzaren pilotakada batek sortutako zaurien ondorioz hil zen donostiarrarena. Irudiaren ondoan, «Berriz ez» zegoen idatzita. «Berriz ez, ertzainen pilotakadek eragindako heriotzarik. Ez zauri larririk, ez begi galtzerik. Berriz ez, poliziaren biolentzia eta gehiegikeriak zuritzeko gezurrik, ez epaiketa manipulaturik. Berriz ez, 30 urte luzeko itxaronaldirik egia aitortua izan dadin. Berriz ez...». Graduz gradu berotzen zihoan giroan, ekitaldi hasieran gerizpean zegoen plazan bildu ziren hamaika herritar, baita alderdi politiko batzuetako ordezkariak ere, EH Bildukoak eta Sortukoak. Euskal gatazkan milaka giza eskubide urraketa, ehunka heriotza gertatu direla oroituz hasi ziren. «Guztiei zor diegu aitortza, salbuespenik gabe. Bide horretan beste urrats bat egitea da ekitaldi honen helburua». 1995eko ekainaren 22a zen. Gaueko bederatziak inguruan plaza honen atzeko dorreen arkupeetara hurbildu zen Rosi, Maider alabarekin batera, honen graduazioa ospatzekoak baitziren. Bi ertzainek gomazko pilota jaurti zuten sei metrora, eta zuzenean jo zuten Rosiren sabelaldea. Ezaguna da bere irudia, sabelari helduz, Gurutze Gorriko bi pertsonak lagunduta anbulantziarako bidean. Ospitalera eraman zuten, justu giltzurrun-ebakuntza egin zioten lekuan jo zuelako pilotakadak. Ongi ikusi zuten, eta alta jasota itzuli zen etxera. Hiru egunera, ordea, min handia sentitu zuen sabelaldean eta ospitaleratu egin zuten. Ekografia eta probetan inongo lesiorik antzeman ez bazioten ere, okerrera egin zuen, sukarra eta arnasa hartzeko arazoak izan zituen. Orduan ikusi zuten infekzio zabala zuela eta heste lodia geldirik. Ekainaren 30ean hil zen. Heriotza «naturala» izan zela ebatzi zuten. Baina azkenean lortu da Rosi polizia bortxaren biktima aitortzea. ERRUDUNAK Mugan musika taldeak «garaiz baina berandu da» abestu zuen senideak jendez eta krabelin gorriz babestuta eta inguratuta zeudela, Rosiren argazkiari begira. Artatu zuen medikuak, Alex Elosegik, hartu zuen hitza: «Gertatu zena lotsagarria izan zen. Gezur hutsa. Hasieran inork ez zuen ezer esaten. Nefrologoa naiz, Rosi ezagutzen nuen eta niri tokatu zitzaidan zerbait egitea». Errudunak seinalatu zituen. Alde batetik, aktiboak: «Forentseak, epailea, Ertzaintza, alderdi politikoak, Juan Mari Atutxa, ‘edozein modutan hil egingo zen’ esan zuena Rosiri buruz; eta hedabide gehienak». Bestetik, pasiboak: «Medikuak, ospitaleko zuzendaritza, Medikuen Elkargoa». Iñaki Goñi ilobak bertso hunkigarriak eskaini zizkion izebari. Maider eta Rosa alabek, berriz, testu eder bat leitu zuten. «Egia da gure doluaren hasiera. Zure duintasuna berreskuratu dugu. Ez instituzioei esker, maitasunez eta egiarekiko leialtasunez osatutako familia batekin baizik». Juan Mari Atutxari dei egin zioten: «Ez dezala barkamena eskatzeko aukera galdu». Egiari Zorrek, bide beretik, hau eskatu zien lehendakariari eta Barne sailburu berriari: «Autokritika zintzoa, Ertzaintzak eragindako mina aitortzea, erantzukizunak onartzea eta erreparatzeko borondatea». Esker pila bat banatu zuten, lehenak aitari, eta amari zuzendu zitzaizkion: «Zure egia da gure askatasuna. Zure duintasuna, gure herentzia». Egiari Zorrek lehendakariari eta Barne sailburu berriari hau eskatu zien: «Autokritika zintzoa, Ertzaintzak eragindako mina aitortzea, erantzukizunak onartzea eta erreparatzeko borondatea».