GARA Euskal Herriko egunkaria

Nahel Merzouk hil zuen polizia Euskal Herrira lekualdatu dute

Nanterre hirian, kontrol batean, hil zuten Nahel Merzouk, 2023ko ekainaren 27an. Gazteari tiro egin zion polizia lanera itzuli da; hori bai, Paristik urrun. Berak eskatu bezala Ipar Euskal Herrira lekualdatu dutela eman du jakitera «Liberation» kazetak.

Gaztea gogoratzeko egindako omenaldia. (Julien DE ROSA | AFP)

Nahel Merzouk tiroz hil zuen polizia batek 2023ko ekainaren 27an Nanterre hirian, Parisko inguruetan. Heriotza filmatua izan zen eta bideo horri esker agerian gelditu zen banatzaile gisara lan egiten zuen 17 urteko gaztearen kontra tiro egin zuela poliziak, arma baliatu aitzin aparteko gatazkarik gertatu ez bazen ere.

Bere lehengo postutik baztertu zuten agenteak bere soldata atxiki du. Era berean, auzitegian bere burua defendatzen laguntzeko ondoan izan duen abokatuaren fakturak Barne Ministerioak ordaindu ditu.

EPAIKETA 2026AN

Hilketaren akusazioari erantzuteko, zigor auzitegiaren aitzinean agertu beharko du poliziak. Litekeena da auzia 2026an iragatea, baina datarik ez dago oraindik. Estatuko Fiskaltzak agenteari Nahel Merzouk gaztearen hilketa egotzi badio ere, bere abokatuak akusazio horren kontra helegitea aurkeztu du. Anartean, Parisko auzo beroak gibelean utzita, «berak nahi zuen tokira», Ipar Euskal Herrira, lekualdatu dute polizia. ‘‘Liberation’’ kazetak plazaraturiko albistearen arabera, iragan martxoaren 17an izenpeturiko agindu baten bitartez, berriz lanean hasteko baimena eman zion aipaturiko agenteari Bruno Retailleau buru duen Barne Ministerioak.

POLIZIA-ETXEAN ARITUKO DA BERRIRO

Ipar Euskal Herrian izanik ere, kontrol judizialpean segituko du Nahel gazteari tiro egin zion poliziak. Hala, ezingo du frantziar lurraldetik irten eta debekatuta izanen du arma bat eramatea.

Horrendako, karrikan baino, polizia-etxean jardunen du. Publikoarekin harremana ez zaio mugatu, ordea. Erabakia «zerbitzuaren mesedetan» hartua izan dela azaldu dio Barne Ministerioak Parisko hedabideari.