08 JUIL. 2025 Adimena Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Uda-gau epelek ahoa zabaltzen dute. Iluntasun epelak, intsektuen koruak eta izarren argiak kontaketarako santutegia sortzen dute. Inguruneak ipuina ehuntzen du, haria bezain sendo”. Udako zutabetxo hau hasteko modua izan daiteke. Edo beste hau. “Uda-gau epel bat. Itsas brisak turisten aurpegiak musukatzen ditu, itsasertzean bilduta. Kontaketaren erritu zaharrak batzen ditu hondartzetan”. Egia esan, sasi-poetikaz zipriztinduak daude. Baina zer nahi duzue, udako lasaitasuna, beroaren ajeak eta festen usainak ez du gehiagorako ematen. Tira, kontua da zutabe hau egiteko gogo edo inspirazio eskasarekin nengoela, alferren gaiztakeria bururatu zaidala: eta adimen artifizialari eskatzen badiot idaztea? Bi proposamen egin dizkiot, batean udan ipuinak kontatzeaz idaztea, eta bestean, ipuinak udan turistei kontatzea, bietan 1.300 karaktere zuriuneekin. Alferraren pozerako, egin dizkit. Alta, topiko tipikoz egindako idatziek bazuten bekatu originala bere baitan; alegia, “zure hitzek gaua maitagarria bihurtzen dute” adimen artifizialak idatzi duenean, nola izan daiteke maitagarria algoritmoz osatutako zera hori? Eta, batez ere, nire izenean sortutako idatziarekin, adimen artifizialak ez ote ditu irakurleak adimen artifizialeko hartuko? Azken kezka bat pizten da: nork idatzi du testu hau?