10 JUIL. 2025 Tolosaldeko ospitalea bost urteko epean martxan jartzea espero da Tolosaldeko «ospitale publiko berria» bost urteko epean martxan jartzea aurreikusten du Lakuako Gobernuko Osasun Sailak. 74 ohe eta hiru ebakuntza gela izango ditu, eta bereizmen handiko kanpo kontsultek osatuko dute bere jardueraren ardatza. Tolosaldeko ospitale publikoa eraikiko den tokian atzo egindako agerraldia. (Maialen ANDRES | FOKU) GARA TOLOSA Tolosaldeko «ospitale publiko berria», eskualdearen aspaldiko aldarrikapena, bost urteko epean martxan egongo dela iragarri zuen Alberto Martinez Lakuako Osasun sailburuak. 74 ohe izango ditu, hiru ebakuntza gela eta bereizmen handiko kanpo kontsultak izango dira bere jardunaren muina. Eskualdeko 60.000 biztanleri eskainiko die arreta. Hala adierazi zuen Martinezek azpiegitura eraikiko den kokalekuan egin zuen agerraldian, Iurramendin, suhiltzaileen parkearen pareko aparkalekuan, Maite Martinez de Albeniz Zabaleta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariarekin eta Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendariarekin batera. Bertan izan ziren Ander Figuerido Tolosako alkateorde eta Hirigintza zinegotzia eta Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkariak ere, horien artean Ibarrako alkate Igor Zapirain eta Asteasuko Pili Legarra. Sailburuak azaldu zuenez, Donostialdeko ESIaren mende egongo da, eta «erreferente» izango da konplexutasun txikiko zirkuituetan, hala nola prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. 1.200 kirurgia prozedura baino gehiago egingo dira urtean, eta 3.000 endoskopia. Oheez eta ebakuntza gelez gain, erresonantzia zerbitzu bat izango du, «Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko dituena», endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako bi miaketa gela ere bai, eta anestesia osteko errekuperazio unitate bat, larrialdietako arreta jarraituko puntu bat, erradiologiako ekipoak eta errehabilitazioa. Nolanahi ere, Martinezek esan zuen prozesua hasteko Tolosako Udalak Hiri Antolamenduko Planaren Aldaketa Puntuala osoko bilkurara eraman eta lurrak Osakidetzaren esku jarri behar dituela, lizitazioekin hasi ahal izateko. Nabarmendu zuenez, helburua Tolosaldeko eremuan «asistentziaren kalitatea hobetuko duen konponbide integral baterantz aurrera egitea da, baliabideen erabilera optimizatuz, arretaren zatiketa murriztuz eta paziente kalteberenentzako kalitate handiko arreta bermatuz». Ospitalearen diseinua Tolosaldeko «egungo eta etorkizuneko biztanleriaren, asistentzia beharren eta ospitaleratzeen azterketa sakon baten emaitza» izan da. «Hausnarketa garrantzitsu» horretan, Tolosaldea ESIko profesionalek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko espezialistek parte hartu dute. Martinezek zehaztu zuenez, konplexutasun maila baxuko pazienteei eta egonaldi ertaineko zainketak eta proba osagarriak behar dituztenei zuzendutako ospitaleratze azpiegitura bat ezartzeko beharra ondorioztatu da. Ospitale berriak Tolosaldeari eta Donostialdea ESIren beharrei emango die zerbitzua, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak prozesu kirurgiko edo mediko konplexuagoek eragindako ospitaleratzeak xurgatzeko aukera izango du. «Era berean, Tolosaldeko pazienteak kirurgia eremu batez hornitzeko beharra ikusi da, bai eta Tolosaldean etxeko ospitalizazio zerbitzu bat mantentzekoa eta Donostialdea ESIko EAGrekin koordinatutako larrialdiko arretarako dispositibo bat haien eskura jartzekoa ere». Martxan jarri bitartean, ESIren antolaketan «zenbait zerbitzu berrantolatu nahi dira eta asistentzia anbulatorioa indartu nahi da». ASUNCION KLINIKAREN ETORKIZUNA, ARGITU GAB e Martinezek ez zuen argitu zer gertatuko den Asuncion klinika pribatu-kontzertatuarekin; egun, Tolosaldeko biztanleek bertara jo behar dute arreta medikua jasotzera. TOPA plataformak eta eskualdeko alkateek hainbat urte daramatzate ospitale publiko bat aldarrikatzen, eta bertako langileek ere makina bat protesta egin dituzte beren lan baldintzen harira. Ibarra eta Asteasuko alkateek balorazio positiboa egin zuten eta ospitale publikoa izateko bidean aurrerapausotzat jo zuten. Tolosako Udalak inoiz ez duela oztoporik jarri ere nabarmendu zuten, eta hitz egiteko eta aurrera egiteko alkateen konpromisoa berretsi. Asuncion klinikarekin eta bertako langileekin zer gertatuko den ez jakiteak kezkatu egiten dituela ere esan zuten. DISEINUASailburuaren hitzetan, Ospitalearen diseinua Tolosaldeko «egungo eta etorkizuneko biztanleriaren, asistentzia beharren eta ospitaleratzeen azterketa sakon baten emaitza» izan da.