14 JUIL. 2025 Negozioa eraikitzea da Surflari ernegatua Duela hamar urte “Europako hiriburu berdea saria” jaso zuen Bristolgo “The Wave” igerilekuko olatu artifizialek arazoak ematen dizkiete Ingalaterrako enpresa boteretsuetako marrazoei, baina enpresariak, poliziak bezala, arazoak konpontzeko baino, sortzeko daudenez, igerileku artifizial berriak sortzeko asmoekin jarraitzen dute; agian, helburua ez delako negozioak sortzea, negozioa eraikitzea delako. Begira, adibide anitz utzi ditu Espainiako mafiak; hegazkinik gabeko aireportuak, bizilagunik gabeko etxe hutsez osatutako auzoak, tunel hutsak, zentzugabeko eskailera elektrikoak, igogailu faraonikoak, eta abar. Uztailaren batetik, Sea Level Wave Company da Bristolgo olatu artifizialen jabe berria. Sarri aldatu behar izan du jabez igerilekuak, egunero ateak irekitzen dituen gezurrezko hondartzak bisitari andana dituen arren, ardura hartzen duen enpresa bakoitzak galerekin amaitzen duelako. 2019an ireki zituen ateak 26 milioi liberako kostua izan zuen igerileku artifizialak, ordutik arazo ekonomikoak etengabeak izan dira, eta azkenean, pasa den ekainean hondoa jo zuen The Wave enpresak. Bat batean, ateak itxi eta webgunea desgaitu zuen. Bezeroak kalean geratu ziren, eta erreserbak airean. Egun batzuk geroago, Sea Level Wave Companyk igerilekuaren ardura hartzen zuela iragarri zuen. Laburbilduz, Bristolgo igerileku artifiziala desagertzeko zorian izan zen, aurrez 2023ko irailean Galesen Snowdonia igerilekua izan zen bezala, edo lehenago, Texasko NLand Surf Park igerilekua. Edonola ere, igerilekuko ateak berriz irekitzearekin nahikoa ez, eta antzeko beste igerileku bat irekitzeko proiektua aurkeztu dute nagusi berriek. Londresen izango omen da, eta 2027rako egina izango omen da. Badirudi dirua ematen duena eraikitzea dela, eraiki osteko negozioa baino gehiago. Bikote harremana salbatzeko beste haur bat egitea erabakitzen dutenen antza hartzen diot. Azken haurra izan nahi duenak gutxitan uste du bikiak edo hirukiak izango dituela, edo haurra gaitz sendaezin batekin jaioko dela, baina gerta daiteke, eta gertatzen da. Geroago, harremanak okerrera egin duela ohartzen direnean, harritu egiten dira, eta behin betiko banantzen direnean, haurrak dira ondorio latzenak pairatu behar izaten dituztenak. Denborak esango du Londresko igerileku berriak ere aurrekoen galeren ondorioak pairatuko dituen. Artean, egiazko olatuetan surf egiten jarraituko dugu, olatua hartzeko seme-alabei bultzaka aritzen diren aita gogaikarriz inguratuta. Bristolgo igerileku artifiziala desagertzeko zorian izan zen, aurrez 2023ko irailean Galesen Snowdonia igerilekua izan zen bezala, edo lehenago, Texasko NLand Surf Park igerilekua.