15 JUIL. 2025 Israelek agintzen dio AEBri auzi nuklearrean Iranekin zer negoziatu Abbas Araghtxi, Irango Atzerri ministroa, artxiboko irudi batean. (Alexander ZAKAKOV | EUROPA PRESS) GARA TEHERAN Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri leporatu dio berak esaten diola AEBri zer esan edo egin behar duen Iranekin dituen elkarrizketetan». «Netanyahuk eskatzen du Iranek ez dezala 480 kilometrotik gorako irismena duen misilik egin», gaineratu zuen. Araghtxik eskakizunok Netanyahuren «harrokeriatzat» jo ditu. «Iranek gerra-kriminal batek esaten duen edozer onartuko duela fartsa izateaz gain, ezinbesteko galdera sortzen da: zer erretzen ari da zehazki Netanyahu? Eta ezer ez bada, zer du zehazki Mossad zerbitzu sekretuak Etxe Zuriari buruz?», galdetu zuen ministro irandarrak. Horrez gain, kritikatu dio Iranek Israelen ekainean erasoaldi militarrari erantzuteko bota zituen jaurtigaien eragina «gutxitzen» eta zentsuratzen jarraitzen duela. Ministroaren arabera, erasoaldiak kokaleku sekretuak suntsitu zituen eta Netanyahu «aitarengana (Washington) korrika joatera behartu zuen», Pentagonoak Isfahan, Natanz eta Fordo zentral nuklearren aurka agindu zituen erasoak aipatuz. Halaber, garrantzia kendu zion Irango programa nuklearraren aurka Israelek eginiko erasoaldiari. «Lorpen nuklear baketsuetatik 40 urte baino gehiago ezabatu zitzakeela amestu zuen. Azken emaitza: bere mertzenarioek martirizatu zituzten dozena bat akademiko irandarrek 100 ikasle baino gehiago trebatu zituzten, Netanyahuri zer egiteko gai diren erakusteko», adierazi zuen. Antzeko zerbait adierazi zuen Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldiari erreferentzia eginez: «Netanyahuk duela ia bi urte agindu zuen Gazako garaipena. Azken emaitza: ataka militarra, gerra krimenengatik atxilotzeko agindua eta Hamaseko 200.000 errekruta berri». HUSTUTA GERATU DEN HITZARMENAK HAMAR URTE Atzo bete zuen hamarkada Iranek eta hainbat potentziak sinatu zuten itun nuklearrak. Erabat hustuta geratu da, AEBk 2018an akordioa hautsi zuen eta Israelek herrialde persiarren aurka berriki eginiko erasoaldiak -Washingtonek bat eginez- egoera hankaz gora jarri du. Su-etenak ez du elkarrizketa-prozesu berririk ekarri eta AEBk ezarritako baldintza berriek oztopoak ugaritu dituzte. Akordioak Irango programa nuklearrari muga esanguratsuak ezarri zizkion, Iranen aurkako nazioarteko zigorrak bukatzearen eta bost urteko epean armen blokeoa amaitzearen truke. Iranek programa nuklearra bakeari begirakoa baino ez dela bermatzeko konpromisoa hartu zuen, eta berretsi egiten zuen ez zuela arma nuklearrik bilatuko. Hala, mugatu egin zuen erabil zezakeen zentrifugagailu kopurua, aberaste-maila eta gorde zezakeen uranio aberastuaren bolumena. Trumpek boterera iritsi zenean Teheranen aurkako zigorrak berrezarri zituen eta, Europako sinatzaileek urraketa horren aurrean erakutsi zuten geldotasunaren ondorioz, Teheran bere konpromisoak murrizten hasi zen. Hala, Israelek eta AEBk erasotzeko justifikazio gisa erabili zuten Irani akordioa urratu izana leporatzen zion Nazioarteko Agentzia Nuklearraren ebazpen bat. LASAITZEKOIsraelgo agintariek Gideon Saar Atzerri ministroaren eskutik erantzun zioten Irani. «Hain izerditsu eta tentsoa den zerbait irakurri nuen azken aldia noiz izan zen gogoratzen saiatzen ari naiz. Saia zaitez lasai egoten, ministro jauna!», esan zion Irango bere homologoari.