GARA Euskal Herriko egunkaria

KPIak gora egin du, Nafarroako %0,9 eta Gipuzkoako %0,6 artean

INE institutuak kontsumo prezioen indizearen ekaineko datuak argitaratu ditu. Horietan ageri denez, %0,9 igo da Nafarroan, %0,8 Araban, %0,7 Bizkaian eta %0,6 Gipuzkoan. Urteen arteko tasari dagokionez, %2,4 goititu da Nafarroan eta %2,8 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Elikagaien garestitzeak ekarri du KPIaren gorakada Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kontsumo prezioen indizeak gora egin du ekainean Hego Euskal Herrian. Nafarroa izan da gorakadarik handiena izan duena (%0,9) eta Gipuzkoa gutxiena (%0,6). Tartean dira Araba (%0,8) eta Bizkaia (%0,7). Urteen arteko tasa %2,4 goititu da Nafarroan eta %2,8, aldiz, EAEn.

INE Estatu espainoleko estatistika institutuak atzo argitaratutako behin betiko datuen arabera, ekainean berriz ere gora egin du urteen arteko KPIaren tasak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %0,4 igo da, aitzineko hilabetean jaitsiera izan ondotik.

EAEn inflazioa %0,7 igo da hilabete batean. Urteko lehenengo sei hilabeteei erreparatuz gero, berriz, %2,2ra ailegatzen da igoera. Nafarroan ere antzera gertatu da: %2ra iritsi da gorakada.

Lurraldeka, urteen arteko KPIak gora egin du Araban (3), Bizkaian (2,8) zein Gipuzkoan (2,7). Aurreko hilabetearekin konparatuta, Nafarroako KPIa %0,9 goititu da, Arabakoa %0,8, Bizkaikoa %0,7 eta Gipuzkoakoa, %0,6.

ELIKAGAIEN GARESTITZEA

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, bereziki elikagaien prezioen igoerak ekarri du KPIaren gorakada. Maiatzean %2,9ko tasa bazuten, ekainean %3,8koa izan dute.

Garraioen sektorean islatzen den erregaien garestitzea %0,3 jaitsi da ekainean, maiatzeko joerari segituz. Orduan 1,5 behera egin zuen. Etxebizitzaren arloa, gasa eta erregai likidoak barne hartzen dituena %4,5ean kokatu da, maiatzean baino bost dezima gehiagorekin.

Alkoholdun edariak eta tabakoa zortzi dezima igo dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %4,5era iritsi arte. Arropa eta oinetakoak, aldiz, bost dezima jaitsi dira, %0,8an kokatu arte.

Bestelakoen taldea %4,1ean mantendu da. Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak dezima bat jaitsi dira (4,3). Aisialdia eta kultura %0,7an mantendu dira. Hezkuntza ere ez da aldatu eta %2,4ri eutsi dio. Komunikazioak dezima bat jaitsi dira, %2 arte. Botikek %2,3an jarraitzen dute, eta etxeko tresneria lau dezima igo da, %1,9ra ailegatu arte.

Nafarroan inflaziorik handiena izan duen taldea aisialdiarena eta kulturarena da: %2,8 garestitu da. Jarraian datoz etxebizitza (1,3 garestiagoa), garraioa (1), hotel, kafetegi eta jatetxeak (0,9), besteak, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (0,7), alkohola eta tabakoa (0,6) eta arropa eta oinetakoak (0,2). Etxeko tresneria, botikak, komunikazioak eta irakaskuntza berdin mantendu dira.

Urteari begiratuz gero, gehien garestitu direnak edari alkoholdunak eta tabakoa izan dira (5,6). Jarraian datoz hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (4,4), elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (3,8), besteak (3,7), irakaskuntza (3,2), etxebizitza (2,8), botikak (2), komunikazioak (1,6), etxeko tresneria (1,5), jantziak eta oinetakoak (0,8) eta aisialdia eta kultura (0,2). Garraioak, ordea, behera egin du (-0,7).