GARA Euskal Herriko egunkaria
AFTER THE PARTY

Gora Penny eta Robyn Malcolm!


Lerroburu batekin hasiko dut “After the Party’’ telesail bikainari buruzko kritika: Penny urteko pertsonaia distiratsuenetako bat da, eta Robyn Malcolmen antzezpena, azkenaldian telesail batean ikusi dudan gogoangarrienetakoa.

Hori hasieratik argi utzita, orain txukunago azal dezagun esan beharrekoa. Zeelanda Berriko “After the Party” sei atalez osatutako miniserie bat da, eta Penny-ren istorioa kontatzen du: adin ertaineko institutuko irakasle batena. Familia eta lagunekin antolatutako festa batean, senarrari (Peter Mullan), Grace alabaren lagun bati abusuak egin izana leporatzen dio; inork ez dio sinesten, eta haren mundua amiltzen hasten da.

Telesaila ekintza horietatik bost urtera kokatzen da, gizona Zeelanda Berrira itzultzen den unean. Narrazioak denboran jauziak egiten ditu (flashback bidez), gertatutakoaren eta horren ondorioen hariak pixkanaka aletuz.

Misterioa argitzearen alde baino gehiago, suspense moral eta psikologikoaren alde egiten du telesailak. Dramaren sustraiak baditu ere, zenbait unetan thriller psikologikoaren bideari jarraitzen dio.

Wellingtonen girotua (Zeelanda Berriko hiriburua), inguruneak pertsonaia bat balitz bezala funtzionatzen du; zentzu horretan, Britainia Handiko telesailen kutsua du: estilo naturalista, soila eta apaingarririk gabekoa erabiltzen du. Kamera bizkarrean, kolore itzaliak eta isilune trinkoak dira nagusi. Narrazio estilo sotil horrek sakonki kaltetutako pertsonaien eguneroko bizitzan modu oso sinesgarrian murgiltzea ahalbidetzen du.

Kontakizunaren arreta osoa Robyn Malcolmen pertsonaian eta interpretazioan jartzen dute sortzaileek.

Interpretazio bizia, konplexua eta erraietakoa eskaintzen du; egiten duen lana aparta da, eta bere pertsonaiak dituen geruza guztiak zoragarriak dira.