19 JUIL. 2025 SUPERMAN Ikuskizunaren burrunban Gaizka IZAGIRRE HERNANI Itzulinguruka ibili gabe: “Superman” ikuskizun hutsa da. Koreografiatutako akzio sekuentzietatik hasi eta eszenaratze zein efektu bisual ikusgarrietaraino, filmak aise betetzen du entretenimenduaren alorra. Energia kutsakorra arnasten da hegaldi eszena, borroka eta soinu bandaren nota bakoitzean. Egitura dramatikoa oinarrizkoa da, baina arazorik gabe onartzen da James Gunn-ek proposatzen duena. Teknikoki ikusgarria da, baina formalki ez da gehiegi bereizten gainerako superheroien pelikuletatik. Hala ere, Zack Snyder-en “Superman” filmekin zerikusi gutxi du; Gunn-en egiletza presente dago. Ez da Nolanen “Batman”-en modukoa, inondik inora ere, baina zuzendarien eskua antzematen da. Aurreko filmek zuten dramatismo epikoaren arrastorik ez dago: abentura, zientzia fikzioa eta umorea gailentzen dira hemen, eta alderdi emozionalak indar handia hartzen du. David Corenswet “Superman” ezin hobea da (Christopher Reeve-en baimenarekin), bere presentziak heroismo klasikoa eta xarma garaikidea uztartzen ditu. Bigarren mailako pertsonaiak ere mamitsuak dira, baina hor topatu dut orekaren hauskortasuna: gehiegi dira, eta batzuk, tamalez, ez dira behar adina landu. Dena den, “Superman” filmarekin, azkenaldian estreinatu diren ekoizpen erraldoietan (“Misión Imposible” edo “F1: The Movie”, esaterako) gertatzen denaren antzeko zerbait gertatzen da: irauten duen bitartean, ikuskizunaren magiak erabat harrapatzen zaitu, baina zinematik irtendakoan, zerbait falta den sentipena uzten du. Ez da film iraultzailea, eta ausardia narratibo handiagoa eskertzekoa litzateke, baina pantaila handian ikusteko esperientzia bikaina da: emozioa du, abentura, ongi neurtutako umorea eta pertsonaia interesgarriak.