22 JUIL. 2025 Jesus Mari Gomez Ezkerro preso iruindarra aske geratu da, 24 urteko zigorra bete ostean GARA IRUÑEA Jesus Mari Gomez Ezkerro “Txutxo” euskal presoa aske geratu da 24 urteko zigorra osorik bete ostean. Etxeratek atzo azaldu zuenez, preso iruindarra 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, ETAko kide izatea leporatu zioten eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, «terrorismo» delitua egotzita. Zehazki, «talde armatuarekin kolaboratzeagatik» zigortu zuten auzitegi espainolek. Handik hogei urtera, 2021eko udazkenean, 3. gradua ezarri zioten preso iruindarrari. Eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna onartu zioten. Orain, bi urte eta erdi geroago, aske geratu da Gomez Ezkerro, ia mende laurdeneko espetxealdia osorik bete ondoren. URRUNTZE POLITIKA Jesus Mari Gomez Ezkerrok 2019ko apirilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Aurretik, 2018an Galiziako Curtisetik Asturiasko Villabonako espetxera lekualdatu zuten. Eta hiru urte geroago, hirugarren gradua onartu ziotenean, Euskal Herriratu egin zuten. Joan den hilean, Txetxu Barrios baldintzapean aske geratu zen, espetxean 27 urte eman ondoren. Ainhoa Barbarin urretxuarrari ere baldintzapeko askatasuna eman zioten ekainean, 23 urteren ondoren; eta Asier Oiartzabal Txapartegi andoaindarra 24 urteren ondoren aske utzi zuten, zigor osoa bete ostean.