23 JUIL. 2025 Palestina gogoan jaurti dute teila Madalenetako teilaren bitartez, Bermeotik Palestinaraino heldu gura izan zuten, munduak aldarrikatzen duen bake gogoarekin bat. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea, teila jaurtitzen. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA Bermeok bere egun esanguratsuenetako bat ospatu zuen atzo, Madalen Eguna, Izaro irla protagonista nagusi dena. Nadia Nemeh Shomaly alkateak itsasora bota zuen teilak «Bermeotik Gazara» mezua zeraman Palestinako banderarekin batera, herri palestinarraren aldeko elkartasun keinu gisa. Antzinatik egin ohi denez, Izaro parean gelditu eta teila itsasora bota zuen. Ohi legez, «honaino heltzen dira Bermeoko itoginak» esaldia erabili zuen Bermeoren mugak sinbolikoki adierazteko, baina aldi berean «sufrimenduaren eta injustiziaren aurkako oihua» zabaldu zuen mundura. «Gaur, itsasoaren bihotzetik, isiltasuna apurtu gura dugu. Gaurko teilak mezu sinboliko bat daroa, olatuak gurutzatzea eta sufrimendua arintzea helburu duena. Aurten gure madalenetako teilaren bitartez, Palestinaraino heldu gura dugu. Munduak aldarrikatzen duen bake gogoarekin bat egin gura dugu. Palestinan bizi diren pertsonei adierazi gura diegu, sinesten dugula euren lurra Palestina dela, euren izaeraren zatia dela, euren nortasuna euren herrian eta libre eraiki behar dela», adierazi zuen alkateak.