28 JUIL. 2025 SMOKE Egiaren arrastoa, ke artean galduta Gaizka IZAGIRRE HERNANI S ua, gizakiaren bidelagun zaharra, tresna ezinbestekoa eta aurrerabidearen giltza izan da mendeetan zehar. Baina suak berak ere ezin konta ahala zauri utzi ditu lurraren azaletan eta bihotzen sakonean. Sua izan zen, hain zuzen ere, 2021ean AEBn sortu zuten “Firebug” podcastaren ardatza. John Leonard Orr-en benetako istorioa kontatzen du: suteak ikertzeaz gain, AEBko historiako piromanorik suntsitzaileenetako bat izan zen. Kalifornian suteen ikertzaile gisa lan egiten zuen bitartean, milaka sute eragin zituen. “Smoke” telesaila podcast horretan oinarritzen da modu librean, serieko bi piromanoen istorioa azaltzeko. Detektibe oinazetu batek (Jurnee Smollett) eta eragindako suteak ikertzen dituen polizia misteriotsu batek (Taron Egerton) helduko diote kasuari. Orainaldian girotuta, Dennis Lehane sortzaileak podcastaren materiala abiapuntutzat hartuko du, kasuaren bihotzean inspiratutako fikzioa eraikitzeko. Protagonistek ikertuko dituzten bi kasuek norabide desberdinak hartuko dituzte: bata «nork egin zuen?» galderari erantzuten saiatuko den bitartean, besteak «nola harrapatuko dugu?» ereduari jarraituko dio. Alegia, batean erruduna ezezaguna izango da eta bestean, ordea, ikusleak hasieratik ezagutuko du bere aurpegia. Bi ikuspegi narratibo horien txandakatzeak erritmo bizia emango dio istorioari, baina aldi berean tarteka nolabaiteko deskonexioa ere sortuko du. Hasieratik harrapatzen duen bizitasun handiko proposamena bada ere, narrazioak baditu bere gorabeherak ere: batzuetan anbiguotasunak nagusituko dira, eta zenbait une gehiegikerien mugara iritsiko dira. Hala ere, aktoreen lan bikainak, istorioaren indarrak eta duen atmosfera bereziak udako telesail gomendagarrienetako bat bihurtu dute.