GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Herri oso baten bultzada


Hogei urte igaro dira Donostiako Anoeta belodromoan ezker abertzaleko ordezkariek honakoa adierazi zutenetik: «Ezker abertzalea, indar politiko guztiek, nazionalistek eta ez nazionalistek, parte hartuko duten elkarrizketa irekitzearen alde dago». Geroztik, Euskal Herrian kolore ezberdineko hainbat erakunde politikoren berri dugu. Bakarren batzuk, ibilbide luze eta korapilatsua egindakoak; besteak, ez hainbeste. Euskaldunen historiaren protagonistak direnak, batzuk; horretan saiatzen ari direnak, besteak.

Horrelakoak egon badaude, baina egia osoa beste bat da. Egitasmo politiko guztiek baitute atzean bide luze bat; hainbat pertsonaren eztabaida eta haserreak, nahi eta ezinak, baina baita lanaren emaitza pozgarriak ere. Urteak behar izaten dituzte gizarte mailan beren diskurtsoa ezagun egin dadin. Gero, nahiko geroago, gizartearen ezagutza eta babesa zenbatekoa den jakiten dute, hauteskundeak barne. Beraz, lan asko dago gordean.

Gizarteratzerakoan, helburuak agertu behar izaten dituzte, eta honek ekartzen ditu hainbat nahigabe eta estutasun, zaila baita emandako hitza betetzea. Sarri, denok ikusten ditugu aurrez aurreko sutsuak, eta ez alderdi politikoen artean bakarrik −duela egun gutxi ikusi bezala−, baita gobernukideen artean ere.

Egia da, denborak agintzen duela eta baldintzak asko aldatzen direla baina, hala ere, harrokeriaz gainezka, lotsaren arrastorik gabe, kalte egiteko helburu bakarrarekin jaio direnak «gizentzen» ari dira.

Denbora aurrera doa eta honekin joko arauak ere aldatzen joan dira. Egun, Europak, estaturik gabeko nazioen aldarrikapen politikoak aztertu eta barneratzeko, sekulako indarra beharko luke, herri oso baten bultzada. Beraz, ez da harritzekoa, Madriletik, baita Estrasburgotik ere, «blokeo» hitza nagusitzea.

Itxuraz, inork ez dio ikusten irtenbide jator eta zuzenik bizi dugun egoera honi, eta, nire ustez, arrazoi nagusietako bat, hau; askatasuna eta burujabetza abertzale guztiok aldarrikatu arren, praktikan lehentasun desberdinak ditugula.

Horregatik, lasai aztertzekotan, beharbada aurrera baino atzera begiratzea mesede gehiagoren iturri izan daiteke, kontuan harturik jorratutako bidea oso luzea izaten ari dela, eta, aurrera egitekotan, urteen irakaskizunak oso beharrezkoak direlakoan nago.

Duela urte batzuk -agian ez hainbeste- euskal gizartea oso ideologizatua zegoen, nire ustez, behartuta eta hala nahi zuelako. Ideologiaren apologia egiten genuen eta zoko guztietatik egitasmo nahiko ideologikoak aurkezten ziren.

Gaur egun, ikusten dut askok kontu horiek nahiko baztertuta dituztela. Urrats asko dira tartean egindakoak eta orain, zoritxarrez, norberekeria nabarmentzen ari dela argi, oso argi, ikusten da.

Handik eta hemendik dabiltzan diskurtsoak, ezker/eskuin hori, zaharkitutzat jotzen dituzte. Bakoitzak bereari begiratzen dio, eta, beraien ustez, apolitikoak dira. Beraz, garai bateko militantzia hura «gorde» egin da hamarkada gutxitan.

Euskal gizartean, gazte eta ez hain gazte direnek beren pentsamolde eta joera «propioak» dituztela diote. Aspaldian ez ditugu ikusten masa handiko bilkura eta manifestaldietan, ezta borroka eremuetan ere, noski. Agian horregatik herriko jaialdi eta kiroletan ez daude eroso; beste mota bateko ekitaldiak eta festak nahiago dituzte.

Estatuaren arrazoietan sinesten dute eta babesten dituzte, demokratak dira. Onartzen dute inperio ekonomiko eta politikoek agintzen dutela, baita olagarro gisa ere, beharrezkoak dituztela multinazionalak, banku handiak, armadak, baita komunikabide manipulatzaileak ere. Onartzen dute «demokrazia formal» bat besterik ez dela, baina eroso sentitzen dira horren baitan.

Beraien diskurtsoari jarraituz, diote demokrazia formal eta modernoaren izenean parlamentuak sortu zirela, eta, nahiz eta poliziak Estatua indartu, ustez beharrezkoa dela, zalantzarik gabe sistema indartzen duelako.

Lege antiterroristak ere baietsi zituzten, aurkaria desagertzeko. Baina, hori bai, Estatuari aurre egiten diotenentzat bakarrik, eta beti demokraziaren onerako, noski. Ulertu ere ulertzen dute horrelako lege bereziek torturaren praktika babestu dutela, baina horiek sistemaren akatsak besterik ez direla diote.

Gaurko modernitate demokratiko guztien gainetik nahi dut azaldu argi, gaur arte eta denbora luzez, guretzat, ezker abertzalearentzat, teorematzat baino «axiomatzat» genuena, gure borrokaren bi zutabe bateratzaileak. Baina, baita ere, gure «axioma» gauzatzeko gaitasun ezak ez diola gaurkotasunik kentzen, nahiz beharrezkoak diren baldintzak ez ditugun geureganatu.

Egia da betidanik gure politika egiteko erak bi zutabe nagusi izan dituela eta dituela; Estatu espainiarrarekin eta frantsesarekin Euskal Herria aurrez aurre jartzen duen borroka antikolonialista, bata, eta langileen iraultza, bestea. Gaur ez dira egoera berdinak, ideologien krisi sakona begi bistan dago.

Lehen nioen bezala, aldaketa nabaria da eta nahiz eta ongi ezagutu prozesu honen atal desberdinak −bata bestearen ondotik−, ukaezina da garai batean ikusi nahi genuena ikusi gabe gaudela. Eta hamarkadak bata bestean gainean doaz. Egun gertatzen ari denaz ongi jabetuta −ez baita euskararekiko erasoaldi bakarra− herri bezala urrats berriak egin beharrean gaude.

Azken hamabost bat urte hauetan Jose Antonio Ortega Lara, Santiago Abascal, Alejo Vidal Quadras eta beste antzeko hainbat «pertsonaia» ugaritu egin dira, eta mota guztietako laguntza eta babesa jasotzen dute. Ezin gara beste aldera begira egon; egoera asko gaiztotzen ari da. Bidegurutzea dugu aurrez aurre, eta honek aukera desberdinak eskaintzen ditu beti, aukera politak.

Ibilbide luzean batzuk eta besteak ezagutu ditugunez, orain erabaki zuzenean datza etorkizuna.

Aurrera egin nahi badugu, eta egoera gaizto hau behar bezala gainditu, herri osoaren bultzada beharrezkoa dugu.