22 AOûT 2025 GAURKOA Herri altxamenduak Joxe IRIARTE, «Bikila» Alternatibako kidea Oso interesgarria iruditu zait Udaberri Arabiarren inguruan “Berria”-k argitaratutako “Udako seriea”, batez ere atarikoa, zeinean azpimarratzen den: «‘Herritarrek munduko edozein tokitan eskatzen duten gauza bera eskatzen zen: askatasuna, duintasuna, justizia soziala...’. Finean, statu quo-aren aldaketa bat zen helburua, nahiz eta ez zen halakorik gertatu». Altxamendu horiek eta munduko beste tokietan (Madril, Paris, Kiev) gertatutakoek harridura ez ezik aztoramena eta nahasmena sortu zuten (zenbait gaietan bezala) nazioarteko arloan geroz eta zatikatua dagoen Europako ezker tradizionalean. Alde batetik, herri protestak, altxamenduak eta antzeko eztandak modu batean hasten dira, eta aldez aurretik antzeman ezin zitzaizkion norabideak hartzen dituzte, askotan, gure gustukoa ez den norabidean. Alde horretatik kasu horietan normala da aztoramena sortzea. Baina, bestetik, arazoa izan liteke gure itsumena eta ulermen eskasia fenomeno berri horiek ulertzeko orduan. Zer ez genuen entzun ezkerreko sektore batzuen aldetik M15eko Puerta del Sol-en egitasmoa gauzatu zenean? Mesfidantza eta erdeinua mugimendu berriari, beren parametroetan sartzen ez zelako: politikoki inozoak omen, noraezeko eztabaidetan indarrak xahutuz, nahaste-borraste ideologikoa eta antzeko kritikak leporatzen zitzaizkien plazetako panoramei. Beren buruari ez zioten galdetzen, ordea, zergatik gertatzen ari zen hori guztia eta, agian, arazoa izan zitekeen beraiek egotea lekuz kanpo, fenomeno berriak ulertu ezinik. Kezkagarriagoak izan ziren Sirian Baxar al-Assaden erregimenaren aurka matxinatu zen herri mugimenduaz ezkerreko zenbait sektorek esan zituztenak. Mobilizazio horiek CIAk sortuak omen ziren aurrerakoitzat kalifikatzen zuten erregimena botatzeko, haren defentsa antiinperialistatzat (ergela) joz, herri altxamenduak kritikatuz. Ikuspuntu hain dogmatikotik abiatuta, ez zuten onartzen matxinada hura diktadura eta ustelkeriaren aurka burutu zela eta errepresioarekin zatikatu eta sakabanatu ondoren, adar islamikoek muturra sartu zuten borroka armatu sektarioak herri matxinada ordezkatuz (herrialde kurduetan izan ezik; hala ere, haiei ere kritikak egin zitzaizkien ISIS borrokatzeko estatubatuarren laguntza militarra izan zutelako). Herri altxamendua gerra zibilaz ordezkatu izanak ez dio legitimitaterik kentzen herri altxamenduari, ezta arrazoia ematen ere zanpatzen saiatu zen erregimenari, zeinak, errusiarren laguntza gabe aspaldian galdua baitzuen borroka. Eta, azkenean, sagar ustela bezala erori zen, Errusia eta Iran aliatuek lagundu ezin ziotenean. Gauza bera esango nuke Hosni Mubaraken ustelkeriaren aurkako Tahrir plazaren altxamendu legitimotik Anaia Musulmanek hauteskundeetan etekina atera izanaz. Haien deriba autoritarioa militarki zapuztu zituzten, Abdel Fatah al Sisi diktadore berriaren mesedetan. Horrek guztiak deslegitimatzen al du herri matxinada, demokrazia handiagoa ekarri beharrean, diktadore batek bestea ordezkatuz antzeko-parezido geratu direlako? Zer esan Libiari buruz. Gogoratzen dut zelako kritika jasan genuen Gaddafiren errepresioaren aurka manifestatzegatik, NATOren konplize bihurtzen omen gintuelakoan. Baina Gaddafiren aurka agertzeak inoiz ez gintuen eraman NATOren alde egotera. Nahasketa sektario hori askotan erabiltzen da, Antiinperialismoaren (ergelaren) izenean Gaddafi, Baxar al-Assad edo Putin defendatzeko. Tunisia izan zen salbuespena, baina oraindik ez du lortu herri demokrazia ezartzea. Matxinada horiek herri altxamendu gisa jaio ziren; horregatik ongi etorriak izan behar zuten ezkerraren aldetik. Bestelako kontua da zer norabide hartu zuten eta nola amaitu diren. Baino hori beste upel bateko sagardoa dugu, eta badu zer ikusterik munduko egoerarekin eta, batez ere, egungo ezkerraren ahalmen estrategiko eta politiko gabeziekin. Eta Europan izandakoak? M15-Madrilen; Nuit Debout eta Jaka Horien mugimendua, Frantzian; Ukrainako Maidan... Bakoitza bere norabidean, baina arrazoi bertsuetan oinarrituak, alegia, gobernarien ustelkeriaren aurkako mobilizazioak. Alabaina, herri mugimendu guztiek, espontaneoek ere, modu batez edo bestez lorturiko indar politikoen eragina izaten dute eta, haien indarraren arabera, norabide bat edo bestea hartzen dute. Esate baterako, Frantzian Jaka Horiek ekidin zuten faxisten sarrera mugimenduan. Espainian ez ziren azaldu ere. Ukrainan, berriz, ezkerra ahulagoa zelako nazionalismo desberdinen arteko talkaren erdian. Dena den, faxisten presentziak ez zuen Maidan mugimendu faxista bilakatu. Hori Putinen eta bere aldekoen bertsio interesatua bezain faltsua da. Gauza bera esango nuke borroka militarraz edo herri altxamenduen bidez sortutako gobernu aldaketez. Zilegi deritzogu talde militar ezkertiarrek gobernua irabaztea (azkenak sandinistak izan ziren, El Salvadorren erdipurdi bukatu baitzen), baina alderantziz gertatzen denean? Haustura bideak berez dira kaltegarriak ala bidean gauzaturikoek, indar harremanen araberakoek baldintzatzen dute emaitza? Hala, batzuen gabeziek eta besteen indarrek zehazten dute borrokaren bilakaera norabide batera edo bestera. Zoritxarrez, Ukrainan indar paramilitar faxistek Ukrainari independentziaren alde indartsu jokatu dutelako lortu dute armadan gaur egun duten lekua. Aldiz, Moskuk 2014an Krimea anexionatu zuenean, Ukrainako Alderdi Komunistaren babesarekin egin zuen. Alderdi hori ez da oso aurrerakoia (kontserbadurismo soziala eta estalinismoaren eta sobietar inperioaren nostalgia uztartzen ditu), baina bere jarrerak kalte handia egin zion oro har Ukrainako ezkerrari, ospe txarra eman zion (delako ezkerrak inbasioa laudatzen badu, logikoa da bere gainbehera) ukrainar identitatea bere egiten duen populazioaren aurrean. Beraz, mundu honetan hipotesi asko irekita daude. Bata da eskuin muturraren garaipenarena, bestea, indar eraldatzaileen aurrera egitea. Ziur nago, iraganean bezala, mundu mailan mugimendu indartsuak agertuko direla -egon ere badaude-. Seguruenik, Europa ez da izango erresistentzia horren muina. Baina ziur nago ere Europak mugimendu horietan parte hartuko duela. Nik ere uste dut galdera ez dela etorkizunean mobilizazio masibo batzuk egongo ote diren, baizik noiz eta nolakoak.